Garaipen batera dago lasaitasuna

Lagun Arok hiru partida galdu ditu jarraian, eta bolada txar hori bukatu nahi du Kanaria Handia indartsuaren aurka

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Lagun Arok bere etorkizuna samurtu edo gaiztotu dezakeen garaipena dauka jokoan gaur. Kanaria Handia hartuko du Illunben, zortzi onenetik kanpo utzi duen bolada txarra eteteko asmoz. Gipuzkoarrek hiru partida galdu dituzte jarraian, baina urrian eta azaroan etxeko lanak ondo egin zituztelako daude orain sailkapenaren erdialdean. Ez daude urduri, baina berriro lasaitasun apur bat lortu nahi lukete; garaipena eskuratu eta bolada txarrari agur esatea baino ezer hoberik ez. Lagun Arok lantegi zaila daukala da kontua.

Kanaria Handia indarrean datorrelako Donostiara. Bost garaipen lortu ditu jarraian, bi ligan eta beste hiru Eurokopa txapelketan. Normalean etxean akats gutxi egiten duen taldea da Pedro Martinezek gidatzen duena, baina etxetik urrun nahiko eskas aritzen da. Egoera hori,ordea, atzean utzi dute, Kanaria Handiak Bilbo Basket menderatu baitu ligan etxetik at, eta Buducnost eta Siaulai Eurokopan. Zortzi onenen artean sartu dira, eta behin sartuta, bertan jarraitzeko asmoa dute.

Kanaria Handia talde deserosoa da. Defentsa ona egiten du, zorrotza, eta erasoan etekin ona ateratzen die bere baliabideei. Ez du izar distiratsurik, Jaycee Carroll jaurtitzailea izan ezik, baina bai langile fin ugari, taldearen alde gogotik lan egiten ohituta daudenak: Sitapha Savane, Jim Moran, Xavi Rey, Javier Beiran...

Carroll da ligako saskiratzaile onena, eta litekeena da Pablo Lasok Alfonso Sanchez espainiarrari minutuak ematea. Estatubatuarrak 18,6 puntu saskiratzen ditu partidako, eta zenbaki horiek hobetuz gero, asko zailduko da Lagun Aroren garaipena. Carroll eta Jimmy Baronen arteko dema ikusgarria espero da, saskiratzaile peto-petoak baitira biak. Pablo Lasok ez du kritika zorrotzik bota epaileek Baronekiko duten jarrerarekin, baina oreka eskatu du bi saskietan.

Jokalariak indartsu daude

Lagun Arok azken hiru asteotan galdutako hiru partidek ez dute jokalarien fedea kamustu. Hiru porrotetatik bi partidako azken jokaldian gertatu dira, Manresan eta Badalonan, hain zuzen ere, eta horrek erakusten du taldea ez dagoela hiru porrot horiek adieraziko luketen bezain gaizki. Azken unea arte borrokatu dira, eta emaitza txarra izan bada ere, garaipenaren jokoan egin dira. Litekeena da gaurko partida ere azken segundoetan erabakitzea eta, behingoz, garaipena lortzea.

Carroll eta Baronen arteko demaz gain badaude interesgarriak izango diren beste batzuk ere. Ritxi Urizek zorrotz zaindu beharko du Taurean Green defentsan, eta Doblas, Kone eta Mirallesek Savane, Rey eta Spencer Nelsonen aurka edukiko duten borroka ere gozatzeko modukoa izango da.

LAGUN ARO GBC-K. HANDIA

Lagun Aro GBC. Ritxi Uriz, Salgado, Lasa, Baron, Alfonso Sanchez, Domen Lorbek, Panko, Tskitixvili, Miralles, Doblas eta Mo Kone.

Kanaria Handia. Bellas, Taurean Green, Carroll, Bramos, Jim Moran, Beiran, C. J. Wallace, Savane, Xavi Rey eta Spencer Nelson.

Sailkapena. Lagun Aro 10. postuan dago: 5-5 (+12). Kanaria Handia 6. da: 6-4 (+16).

Lekua. Donostia Arena (9.700 ikusle).

Ordua. 20:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.