Hain garaipen polita lortu ondoren, hain keinu itsusia egitea ere... Stefano Pirazzik (Barniani) irabazi du Italiako Giroko hamazazpigarren etapa, lasterketaren lehen ordubetea igaro berritan 26 laguneko ihesaldian sartu, eta azken mugimenduetan bizi ibilita —tartean zen Igor Anton ere (Movistar)—. Ihesaldian Thomas De Gendtek (Omega) egin du aurrera helmugara iristeko 30 kilometro falta zirela, eta Pirazzi iritsi da flandriarraren parera Muro di Ca' del Poggio aldapa motz baina gogorrean. Beste hiru txirrindulari ere iritsi dira gero De Gendt eta Pirazziren parera: Tim Wellems (Lotto), Jay McCarthy (Tinkoff) eta Matteo Montaguti (Agr2). Bostak elkarlanean ondo aritu ondoren, kilometro bakarra falta zenean iritsi da Pirazziren erasoa, eta inor ez da gai izan italiarraren gurpilari jarraitzeko.
Erabat etapa lasaia eginda, hamabost minututik gorako galera izan du tropelak, eta sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik. Belluno eta Panarotta lehen mailako mendatearen artean, Giroko hemezortzigarren etapa jokatuko da bihar.