Eibarrek ondo irabazi dio Levanteri (3-0), gaur, Ipuruan; merezita irabazi ere, eta, garaipen horri esker, jaisteko postuen mamua uxatzea lortu du. Jaisteko postuetan dauden taldeak beren partidak jokatu zain daude, baina Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak bost puntura urrundu du Mallorca, Espainiako Ligako sailkapeneko 18.a.
Etxean denboraldi hasieran falta izan zitzaion sendotasuna lortzen ari da Eibar azkeneko jardunaldietan. Izan ere, zaleen aurrean jokatutako azkeneko lau partidetatik hiru irabazi ditu. Itxura ona ematen ari da, gainera. Gaur ere hala izan da.
Erasora atera da Eibar, eta, ordu erdia bete baino lehen, 27. minutuan, Charlesek sartu du lehiako lehen gola. Zukua atera dio geldikako jokaldi bati, nahiz eta azken errematea ez den ortodoxoegia izan. Lehen zatian aukera gehiago sortu ditu Eibarrek, baina Levantek ere, talde erasokorra eta alaia izanik, izan ditu bereak.
Bigarren zatiaren hasieran kolpe psikologikoa eman dio Eibarrek Levanteri. Aldagelatik bueltatu berritan sartu du Charlesek bigarrena, Sergi Enrich erasoko kidearen pasea baliatuz (47. min). Denboraldi honetan laugarren gola du aurrelari brasildarrak. Eta gaur hiru sartzekotan egon da, baina penalti bat huts egin du 70. minutuan.
Etxekoak ez dira konformatu, ez dira atzean sartu, eta aurrera begira jarraitu dute. Horren ondorioz, hirugarren gola heldu da, Fabian Orellanak sartutakoa, Enrichen pasea sareratuz.
Arnasa hartu du Eibarrek gaurko garaipenarekin. Gainera, datozen bi partidak ere etxean jokatuko ditu: martxoaren 7an Valladoliden kontra (13:00), eta martxoaren 10ean Realaren kontra (20:00).