NBAk Chicago Bulls eta Atlanta Hawksen arteko partida izendatu zuen jardunaldiko dema gisa, eta bete-betean asmatu zuen. Chicagok irabazi zuen, espero bezala, baina gogor lan egin behar izan zuen defentsan lan aparta egin zuen taldea menderatzeko. Atlantak hamabost puntuko aldea ere izan zuen lehen hiru laurdenetan. Derrick Rose, Luol Deng eta Carlos Boozzer, Illinoisko zezenen erasoko ikurrak ito zituzten orduan defentsa onarekin, eta ezinean aritu ziren eraztuna irabazteko hautagaiak. Laugarren laurdenean, ordea, aginte-makila hartu zuen Rosek, eta lau hiruko eta hamazazpi puntu saskiratu zituen, taldeari garaipen garrantzitsua emateko (76-74).
Lakersek ere espero baino lan handiagoa egin behar izan zuen Houston menderatzeko. 37 puntu saskiratu behar izan zituen Kobe Bryantek, eta, halare, ezinbestekoa izan zen Andrew Bynumen ekarpena. Pibota indarrean itzuli da lau partidako zigorra bete ostean, eta bere kirol ibilbidean lehen aldiz gainditu zuen hogei puntu eta hogei erreboteko langa. 21 puntu eta 22 errebote lortu zituen, eta Texaskoek saskipean zulo handi samarra dutela erakutsi, Dalemberten fitxatuta ere. Houstoni dagokionez, hogei puntu sartu zituen Scolak, eta Kyle Lowry antolatzaileak 22.
Portland Trail Blazersek eman zuen eguneko ezustekoa, Oklahoma menderatu baitzuen Oklahoman bertan. Dallasen galdu ostean, bigarren porrota dute jarraian. Nekatuta agertu zen Kevin Duranten taldea. Portlandek ederki baliatu zuen neke hori, eta LaMarcus Aldridgek gidatuta, 93-103 nagusitu zen. 30 puntu sartu zituen Aldridgek, baina Portlandek talde joko ona egin zuen. Hamasei puntu lortu zituzten Wallacek eta Matthewsek, eta hamabina Batumek eta Feltonek. 4-1 balantzearekin dago Oregongo taldea. Eurena da ligako ezustea.
Garaipen garrantzitsuak Lakers, Chicago eta Portlandentzat
37 puntu sartu ditu Bryantek Houstonen aurka, eta Bynumek 20 puntu eta erreboteko langa gainditu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu