Buruz buruko finala

Garaipen historikoa Urrutikoetxearentzat

Asko sufrituta, baina, azkenean, 19-22 irabazi dio Urrutikoetxeak Olaizola II.ari. 38 urteren ostean jantzi du txapela pilotari bizkaitar batek. 

Mikel Urrutikoetxeak irabazi du buruz buruko finala. MIGUEL TOñA / EFE
2015eko ekainaren 29a
11:24
Entzun

Goizuetarra zen faborito, bere alde zituen apustuak ere. Inor gutxik jartzen zuen zalantzan haren garaipena. Baina atzoko buruz buruko final ikusgarrian hasieratik gailendu zitzaion Mikel Urrutikoetxea. Partida amaitutakoan Aimar Olaizolak berak aitortu zuenez, hasieratik erakutsi du Zaratamokoak garaipena merezi zuela.

Olaizola galduta ibili zen partidako lehen minutuetan, eta tantoak oparitu ere egin zizkion bizkaitarrari, 10-19ra urruntzeraino. Dirua ere bizkaitarraren alde jarria zen ordurako.

Bat-batean, ordea, berpiztu egin zen nafarra, eta emozioa gehitu zion finalari. 19na berdindu zuten, eta Urrutikoetxea gaztea orduan hasi zen sufritzen. Pilotakada seguruak egin zituen ordura arte, baina pilota errazak galtzen hasi zen. Eskura zuen partida ihes egiten hasia zuen. Baina ez zuen etsi eta, azkenean, berea izan zen txapela.

Oso pozik gelditu zen partidarekin Urrutikoetxea bera: "Asko sufritu dut. Olaizola eskarmentu handiko pilotaria da, eta ez da erraza hari irabaztea". 26 urterekin jantzi du txapela. 

Txapela, Bizkaira

38 urtean lehen aldiz Bizkaikoa da buruz buruko txapelketako irabazlea. Horren aurrekoa Iñaki Gorostiza pilotari atxondoarrak jantzi zuen. Partida bertatik bertara ikusi zuen hark, eta Urrutikoetxeak lan ona egin zuela nabarmendu zuen, "ausart" jokatu eta guztia "ongi" atera zitzaiolako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.