Garaipen sufritua

Miarritzek seigarrenez irabazi du jarraian, eta bosgarren posturaino igo da sailkapenean

Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Miarritzek dezente sufrituta lortu zuen, atzo arratsaldean, Clermonti irabaztea. Top 14ko txapelduna anbizio handiarekin etorri zen Lapurdiko kostaldera, eta gauzak oso zail ezarri zizkion Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaacen taldeari. Garaipen horri esker, oso bolada onean jarraitzen du Miarritzek, azken sei partidak jarraian irabazi baititu, Top 14ko eta Heineken kopako partidak kontuan hartuta.

Partida ona izan zen Miarritze eta Clermonten artekoa. Etxeko taldeak, orain arte bere indarra egin dituen puntuak bereziki zaindu zituen. Berriro ere, defentsan antolaketa bikaina erakutsi zuen, eta aitzinean ere baloiaren jabetzako borrokan sendo agertu zen. Clermontek, berriz, beste dimentsio bat erakutsi zuen, errugbi totala aplikatzeko xedea izan baitzuen. Iragan sasoian, jokoaren osotasun horrek egin zuen Montferrandeko taldearen arrakasta, eta sasoi honetan bide beretik jarraitzen du.

Lehen zatian sufritzea egokitu zitzaion Miarritzeri. Haizearen aurka aritu zen, eta, ondorioz, Damien Trailleren zangoan ezin izan zuen nahi beste oinarritu, arriskua urruntzeko. Hala ere, taktikoki bere jokoan bariazioa erakutsi zuen, eskuz gehiago jokatuz, eta ostikadak angelu gutxirekin botaz, goregi joan eta haizeak ez frenatzeko gisan.

Hala ere, Clermont Miarritze baino hobeki aritu zen lehen zatian. Hark sortzen zuen arriskua, Parrak eta Jamesek ederki zuzendu baitzuten jokoa. Traillek lehen puntuak sartu zituen, drop eder batekin, baina ondotik Clermont izan zen nagusi. Parrak 3-3koa ezarri zuen, eta, Lauakiren jokaldi txalogarri bati esker, entsegua etorri zen: 3-10.

Miarritzeren meritua, haizea aurka izanik ere aldea ahalik eta murritzena izaten ahalegintzea izan zen. Eta horretan asmatu zuen, lehen zatia bururatzeko minutu eskas falta zelarik Damien Traillek, beste ostikada bati esker, tartea murriztu zuelako markagailuan: 6-10.

Bigarren zatian, gauzek lehen zatian bezala jarraitu zuten. Miarritze sendo bazebilen ere, Clermontek merezimendu gehiago egiten zuen puntuak sartzeko. Orduan, partida lasai baitzihoan, huskeria batetik epaileak partida baldintzatu zuen. Lehenik, Zirakashviliri txartel hori gogorra erakutsi zion. Minutu bat lehenago, Marconnetekin uztartzean izandako probokazio jokoak eragin zuen Clermonteko harroina 10 minutuz kanporatzeko.

Azken txanpa gogorra

Bederatzi minutu pasatu ziren horrela, eta Miarritze Clermonteko bost metroetan zen. Txartel horia bukatzear zela, Parra defentsan baloia lapurtzea entseatu zen, legearen barnean betiere. Romain Poite epaileak ez zuen horrela iriztu, eta zigor kolpea eta bigarren txartela erakutsi zion. Clermont 13 gizonekin zen, eta bere bost metroetan. Bi jokalarirekin errazagoa da dena, eta Yachvilik zangoz Bolakoro bakarrik atzeman zuen: 16-10 Miarritzerentzat.

Clermont, baina, ez zen kikildu. 14 jokalarirekin zela beste hamar minutuz, Anthony Flochek zigor kolpe ederra gauzatu zuen: 16-13. Hamar minutuak pasatu ziren, eta berriz bi taldeetan jokalari kopuru bera izan zenean, agintea Clermontena izan zen. Bere errugbi totalaren erakustaldia eman zuen, eta Miarritzek gorriak ikusi zituen garaipenari eusteko. Agilerako taldea, baina, ez da alferrik Europako defentsa sendoenetakoa, eta, kostata izan bazen ere, ez zion garaipenari ihes egiten utzi.



Miarritze 16

Clermont 13

Miarritze. Marconnet (Barozzi, 75. min.), Terrain (August, 60. min.), Johnstone (Coetzee, 49. min.), Thion, E. Lund (Taele, 54. min.); M. Lund, Lakafia, Guyot (Faure, 60. min.); Yachvili, Traille; Ngwenya, Tranier, Gimenez (Mignardi, 65. min.), Bidabe (Bolakoro, 53. min.); Bosch (Peyrelongue, 73. min.)..

Clermont. Domingo (Debaty, 52. min.), Paulo, Zirakashvili; Pierre, Privat (Jacquet, 65. min.); Bonnaire, Lapandry (Scelzo, 52. min., 60. min. arte), Lauaki (Vermeulen, 60. min.); Parra (Senio, 70. min.), James; Malzieu, Williams (Canale, 73. min.), Rougerie, Nalaga; Floch.

Markagailua. 3-0; 3-3; 3-10; 6-10 (atsed.) 9-10; 16-10; 16-13.

Epailea. Romain Poite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.