Garaipen tragoa, bizipozteko

Lasaitasunaren eremura itzuli nahi du gaur Realak Mallorcari etxean irabazita, talde hori arerio zuzen baitu ez jaisteko borrokanZurutuza osatu bada ere, Pardoren alde egingo du Montanierrek, Sevillaren aurka bezala

Donostia
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ziur gaur arratsaldekoak ez daukala inolako zerikusirik orain dela hilabete luze Mallorcaren zelaian gertatutakoarekin, baina, aste honetan, nekez aurki zitekeen inor ordukoaz gogoratzen ez zenik, Zubietako aldagela barruan nahiz handik kanpo. Are gehiago, errebantxa eta mendeku hitzak bere horretan atera dira, partida hartako aztarna sakonak ez baitira berehalakoan desagertuko. Edonola ere, iraganaren errotak, gehienez ere, eta Montanierrek ongi adierazi moduan, jokalarien ahalmen lehiakorrean eragiteko balio lezake atarikoan. Hala balitz, gaitzerdi. Gaurko neurketak asko balio du eta.

Granadan partida benetan eskasa jokatzetik dator Reala, eta etxean huts egiteko tartea estutu egin zaio beste behin. Iraunkortasunaren bila dabil, baina oraindik ez du lortu, eta, bien bitartean, Anoetako lehiak gero eta garrantzizkoagoak izango dira, lasaitasunaren izenean. Denboraldi hasieran etxean izan ez zuen fidagarritasunarekin ari da, gutxienez: jokoan zeuden azken hamabi puntuetatik, hamar bildu ditu; horietatik sei, jarraian, Sporting eta Sevilla garaituta. Azken partida horretan erakutsi zuen, beharbada, itxurarik osoena, baita Osasunaren aurkako partidan ere, eta gaur itxura horretara gerturatzea izango da helburua hiru puntuek ihes egin ez dezaten.

Entrenatzaileak berak herenegun baieztatu zuenez, David Zurutuza eta Vadim Demidov jokatzeko moduan dira, nahiz eta atzelaria deialditik kanpo geratu zen atzo. Lehenak hasieratik parte hartzeko aukeratxorik izan lezake, Ruben Pardoren baimenarekin, betiere. Hasiera batean, ordea, errioxar gaztearena da postua. Hori bai, Montanierrek ez du arrastorik utzi lan saioetan, eta, ikusitakoak ikusita, ea zer burutazio darabilen, aurreko astean Illarramendirekin egin zuen gauza bera egin dezake eta erdilari ile gorriarekin; hau da, entrenamenduekin lehiarako ipini. Haatik, ez dirudi Aranbururekin hirukoa osatuz biak zelairatuko dituenik. Markel taxuz ari da Elustondoren hutsunea betetzen. Gainerakoan, Montanierrek ez dauka beste ezer ukitu beharrik. Aldatzekotan, Velak har lezake Prietoren tokia, eta Dani Estrada jarri atzealdeko hegaletako batean, Carlos Martinez ere deialditik kanpo geratu zelako atzo, De la Bellaren mesedetan.

Antzeko bi talde aurrez aurre

Jarraitutasunik eza buruko min izan da Donostian, eta Mallorcan ere antzera dabiltza. Etxean ongi egindakoak ez die balio izaten kanpoan, eta batean bale, bestean kale ari dira. Etxetik at jokatutako azken bi partidetan, Espanyol eta Malagaren zelaietan, galdu egin dute, gutxiegi eman zutelako. Entrenatzaileak garbi dauka non atera behar diren babak eltzetik eta non hartu behar duten ahalik eta arrisku gutxien. Golik ez hartzea izan ohi da lehen agindua, eta hortik aurrera bestelako saririk eskuratuz gero, primeran.

Batez ere, geldikako jokaldietan ari da min egiten azken boladan, Chori Castroren ezker hanka zoragarriari esker. Nahi duen tokian ipintzen du baloia uruguaitarrak. Urrutira joan gabe, joan den astean hiru gol sartu zizkion Vila-reali era horretara. Tentu handiz ibili beharko dute txuri-urdinek, Granadan baino zorrotzago. Tragoak merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.