Athletic kamuts zebilen 2020an, garaipenik lortu ezinda, eta gaur lortu du aurrenekoa, aurtengo laugarren partidan. Valentzia menderatu du Lezaman, Lucia Garciak 75. minutuan sarturiko golari esker.
Lehenago ere eduki ditu aukerak gola sartzeko, baina asmatu ezinda ibili da atearen aurrean. Partida hasi eta berehala egin dira jokoaren jabe etxekoak, baina nagusitasun hori markagailuan ezin gauzatu ibili dira. Azkonak, Erikak eta Ziraukik aukera onak eduki dituzte, baina ez dute asmatu. Azkonak berak, ordea, asmatu du bigarren zatiaren hasieran, baina epaileak baliorik gabe utzi dio gola, jokoz kanpo zegoela adierazita. Gero, Maite Orozek langara bota du baloia, eta, estutasunak iritsi baino lehen, Lucia Garciak gola sartu du. Damarisi ez zaio asko falta izan bigarrena sartzeko, baina atearen egiturak galarazi egin dio ospakizuna.
Gaurko hiru puntuekin, zuri-gorriek koska bat gora egin dute sailkapenean, seigarrenetik bosgarrenera, eta Reala aurreratu. Txuri-urdinek berdindu baino ez zuten egin atzo Betis azken-aurrekoaren zelaian.
FITXA
Athletic 1: Ainhoa Tirapu; Oihane, Garazi Murua, Vanesa Gimbert, Moraza (Eunate, 73. min.); Maria Diaz
Zirauki (Ogiza, 86. min.), Valdezate (Lucia Garcia, 53. min.), Damaris,
Maite Oroz; Azkona eta Erika (Amaiur, 90. min.).
Valentzia 0: Pi; Van den Berg, Guerrero, Curtin (Goeieman, 72. min.), Mari Paz, Bon Segundo
(Flores, 82. min.), Carol, Pujadas, Calligaris, Gaitan eta Beltran.
Epailea: Veronica Gonzalez Sanchez. Txartel horiak: Athleticeko Morazari; eta Valentziako Caroli.