Sailkapenaren lehen postuan zuen abantaila handitu du Athleticek Espainiako Ligako 13. jardunaldian, Lezaman Atletico Madril bigarren sailkatuari irabazita. Oiartzuni irabazita, Bartzelona da orain bigarren sailkatua, eta lau punturen aldea du Athleticek haiekiko.
Nagusi izan da Athletic. 20. minutuan, jokaldi nahasi bat baliatu du Erika Vazquezek etxekoak aurretik jartzeko markagailuan, eta atsedenaldira joateko bi minuturen faltan zabaldu du aldea Yulema Corresek. Abantaila horrekin, eroso aritu da Athletic, eta 61. minutuan egin du hirugarren eta azken gola Corresek berak.
Bartzelonan, berriz, zeregin zaila zuen Oiartzunek, baina gipuzkoarrek lanak eman dizkiete kataluniarrei hiru puntuak lortzeko. Alexiak 21. minutuan aurreratu ditu etxekoak, eta 54. minutuan Ane Bergarak utzi du partida erabakita. Bartzelonak aukera izan du gol gehiago sartzeko, baina 2-0ean amaitu da partida.