Garaipena, azken unean

Partida osoan kontra izandako markagailuari buelta eman dio Itxakok, eta lehen puntuak bildu ditu

Ambros Martin eta Itxakoko jokalariak, garaipena ospatzen, atzo, Lizarran. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Azken unean. Azken segundoan. Denbora agortzear zenean lortu zuen Itxakok atzo, bere pistan, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako aurreneko garaipena. 26-25 irabazi zion Errumaniako Oltchim Valceari. Norgehiagoka osoan markagailuan atzetik izan ziren nafarrak. Errumaniarrek sei goleko aldea ere lortu zuten bigarren zatiko hainbat unetan. Baina Itxakok balentria egin zuen. Buelta eman zion markagailuari. Lizarrako taldearen lanak Turey eta Navarro izan zituen protagonista partidako azkeneko 30 minutuetan: Turey, bederatzi gol sartu zituelako, haietako sei penaltiz; Navarro, berriz, azken hamar minutuetan erabakigarri izan ziren lau geldiketa egin zuelako.

Ambros Martinek hirugarren protagonista bat izan zela azpimarratu zuen partidaren amaieran: fedea. Irabazteko gai zirela sinetsi zuten jokalariek. Eta lortu zuten. «Urrats bat egin dugu aurrera; gaurko garaipena gure historiako zati bat da jada». Pozarren zen nafarren entrenatzailea.

Partida maldan gora jarri zitzaien nafarrei hasieratik. 0-3ko partzialarekin ekin zion Oltchimek norgehiagokari. Itxakok zortzigarren minutura arte ez zuen bere aurreneko gola sartu. Errumaniarrek defentsa hagitz sendoa erakutsi zuten partida osoan, eta egoera horrek baldintzatu zuen, Krimen aurka bezala, Lizarrakoen jokoa.

Arazo anitz izan zituzten aurkariaren atera hurbiltzeko, eta kanpoko jaurtiketei etekina ateratzea ere kosta egin zitzaien. Barbosak bederatzi metrotik jaurti zuen bakoitzean, ordea, min egin zion Itxakok Oltchimi. Gakoa hori zela argi zuten nafarrek, baina ez zen erraza baliatzea.

Hamargarren minututik aurrera, bi taldeen arteko aldea gero eta nabarmenago bilakatu zen pistan. Itxakoren 5-1eko defentsa sendoa zen, baina erasoan egindako hutsek kontraerasoan aritzeko aukera eman zioten Olchimi. Aukera ederki profitatu zuen nafarren aurkariak. 10-14 ailegatu ziren errumaniarrak atsedenaldira.

Azken jaurtiketa, zutoinera

Bigarren zatiaren hasiera ez zen ona izan Itxakorentzat. Oltchimek markagailuan zuen aldea handitu egin zuen, eta 35. minuturako 11-17 zen aurrean markagailuan.

Baina etxeko taldeak ez zuen amore eman. Turey atera zen pistara, eta funtsezko bilakatu zen, poliki-poliki, markagailuari buelta emateko lanean. Sasoi betean ez zegoen arren, erasoaren zamaren ardura hartu zuen bere gain errusiarrak, neurri handi batean. Erabakitzeko prest zela argi utzi zien taldekideei, eta horrek guztien jarreran izan zuen isla. Pistan lehen zatian baino hobeki kokatu ziren. Lasaitasunez, kontzentratuta, eta helburu garbi batekin jokatzen hasi ziren. Aurkariaren aldea hutsean uzteko prest ziren, eta lanari ekin zioten.

Navarroren parte-hartzea funtsezkoa izan zen lan horretan. Hari esker, 25-25 zegoen markagailua partidako 59. minutuan. Minutu bakarra gelditzen zen, eta Itxakok bere esku zuen erasoa. Berdinketaren gola Barbosak lortu zuen kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin. Itxakori garaipena eman zion gola, berriz, Tureyk lortu zuen. Bigarren zati osoan egindako ahaleginak jasotako saria izan zen. Oltchimek azken jaurtiketa egiteko denbora izan zuen, pistaren erditik, baina huts egin zuten errumaniarrek. Gutxigatik. Zutoinean jo zuen baloiak. Garaipena Itxakorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.