Euskal Herritik kanpo dotore, eta Euskal Herrian beste horrenbeste. Urdaibaik denboraldiko hirugarren lehia irabazi zuen atzo, Pasai San Pedron (Gipuzkoa), Kofradiaren XIV. Ikurriñan, San Miguel ligako laugarren estropada puntuagarrian. Orain astebete Boiroko Banderan gertatu bezala, ehuneneko eskas batzuk erabaki zuten irabazlea. Galizian Castrok 73 ehuneneko ziztrinengatik hartu zion aurre Zarautzi. Atzo, ordea, Castro izan zen garaipenaren atarian geratu zena, Urdaibaik segundo eskas batengatik kendu baitzion bandera.
La Marinera-koak, hala ere, ez ziren esku hutsik geratu, San Pedro laugarren izan zela baliatu eta ligako aurreneko postua eskuratu baitzuten. Castro eta Libia 41 puntuna berdinduta daude, baina espainiarrek garaipen bat lortu dute, eta gipuzkoarrek batere ez. Haiek baino puntu bat gutxiago du Urdaibaik. Sasoi honetan jokatu diren lau estropadetatik hiru irabazi dituzte bizkaitarrek, baina Boiron eginiko lan eskasaren zama dute bizkar gainean-bederatzigarren izan ziren-.
Haizearen garrantzia
Haizeak zerikusi handia izan zuen atzo, eta traineruek gogotik egin behar izan zuten lan Pasaiako badiatik at jotzen zuen haize gogorrari aurre egiteko. Haizeak, hala ere, batzuei baino gehiago egin zien kalte. Lehen txandan aritu zirenak izan ziren, hain zuzen ere, kaltetuenak. Hondarribia moldatu zen ondoen, baina zorte txarra izan zuen, bere txanda amaitu eta berehala haizeak behera egin baitzuen, eta hurrengo bi txandetako ontziek aise hobetu baitzuten beren denbora. Bigarren txandan Zumaiak irabazi zuen, Zarautzekin lehia polita izan ostean.
Hirugarren txanda ezin parekatuagoa izan zen. Oriok lehen luze bikaina egin zuen, eta lehen ziabogan bost segundoko aldea atera zien Castro eta San Pedrori. Urdaibaik zortzi segundo zen atzetik, baina bigarren luzean behetik gora eginez aldea ezerezean utzi zuen. Hirugarren luzean, ordea, Castrok oreka hautsi zuen. Urdaibaik, hala ere, ez zuen amore eman eta azken luze ikusgarrian 11 segundoko aldeari buelta emanda irabazi zuen.
Gaur, Donostian ariko dira ligako traineruak, Telefonica Banderan (12:00, ETB1). Lehen txandan Castro, Tiran, Urdaibai eta Hondarribia ariko dira; bigarrenean, Cabo da Cruz, Pedreña, San Pedro eta Zarautz; eta hirugarrenean, Zumaia, Laredo, Arkote eta Orio.
Garaipena bai, lidergoa ez
Urdaibaik denboraldiko hirugarren estropada irabazi du Pasai San Pedron, baina Castro da lider berria Ligan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu