Garaipena, bizirik jarraitzeko

Miarritzek Saracensi irabazi behar dio gaur Agileran, Heineken kopan aurrera egiteko aukerari eusteko

Yann Lesgourgues, baloia uztartzean sartzeko prest, Miarritzek eta Perpinyak Top14an Agileran jokatutako partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Sasoiaren egiazko abiatzea iristeko zain nago». Patrice Lagisquetek astetik astera esaldi bera errepikatzen pasatuko du martxa honetan. Partida bat bukatu ondotik eta bestea hasteko bezperan egiazko Miarritze ikusi nahi du zuri-gorrien kirol zuzendariak. Aldi oro, esperantza pizten duten keinuak daude, eta lan saioetan gauzak ongi egiten dira. Baina partida jokatu eta gero, berriz ere frustrazioa nagusitzen da.

Joan zen astean, Munduko Kopan ziren jokalariak aritu ziren lehen aldiz, baina ez zen aski izan Swansean Ospreysi irabazteko. Aldi honetan, Ingalaterrako Saracensen bisita jasota, hainbeste falta zaion erreferentziazko partida preziatu hori nahi du Miarritzek. Ingalaterrako txapeldunari irabaztea handia litzateke, batez ere Miarritze Top14ko azken postuan dagoela kontuan hartuta. Konfiantza kolpe handia litzateke, bide batez, haien buruan berriz sinesten ohitzen hasi behar diren jokalarientzat.

Agilera osoa partida horren irrikan baldin badago, irrika eta beharra aldi berean harilkatu zaizkio Miarritzeri. Heineken kopan ez dago hutsegiterik, eta dagoeneko irabazi beharrean dago Lapurdiko taldea, final-laurdenetarako sailkatzeko aukerari eutsi nahi badio. Joan zen astean galdu eta gero, ezin du berriro huts egin. Matematikoki dena jokoan legoke oraindik gaur galduta ere, baina multzoko lehen postuari agur erranen lioke eta bigarren onenen artean sailkatzeko esperantzari eutsi beharko lioke.

Yachvili gabe

Hipotesia horiek saihestea izanen da gaurko lapurtarren helburua. Bidean, zorigaitzez, jokalari batzuen kolpe eta bestelako kezka fisikoak topatu dituzte. «Asteroko zailtasunekin jarraitzen dugu. Joan zen astean Carizza falta genuen; aldi honetan, Yachvili». Miarritzeko eta Frantziako selekzioko uztartze erdia izterreko minez itzuli zen Zeelanda Berritik. Frantziako selekzioarekin minduta jokatu zituen azken partidak, Munduko Kopako final bati ez baitzaio nola hala uko egiten. Izterreko minaren ondorioz, joan zen astean ostikoak jo gabe aritu zen, baina aldi honetan pausatu beste erremediorik ez du izan. «Yachvili ez dago sasoi betean, eta atsedena hartu behar du, bestela sasoi osorako gal baitezakegu», dio etsita Lagisquetek.

Yachviliren tokia Luix Roussarie gazte biarnesak beteko du. Ez du Yachviliren maila, baina ostikadak jotzen abila da. «Yachvili besteen gainetik dago. Jokoaren zientzia bereganatu du. Hutsune handia da berea, baina gazteek txanda hartu beharko dute». Gainerakoan, sorpresarik ez dago, eta Hariñordoki, Marconnet, Thion eta Erik Lunden eskarmentuaren alde egin du Lagisquetek.

Horiek denen beharra izanen du Miarritzek, Saracens itxura ona ematen ari delako Ingalaterrako Ligan eta Heineken kopan. Iragan sasoiko Ingalaterrako txapelduna da Londresko taldea, eta sasoi honetan bigarren postuan dago. Galesko taldeen jokorako tirriarik ez du, baina ingelesen errugbi fisikoa ederki jokatzen du. «Batzuetan iduri lezake antolaketa txarra daukala, baina defentsan eta erasoan beti sekulako bizitasuna du. Indar horrek min handia egiten dizu, eta ahitu egiten zaitu».

Ospreysen aurka ongi egindakoez oroituz —partida berriz ikusita garaipena «oso hurbil» izan zutela dio Lagisquetek—, berdinetik berdinera hitz egin nahiko dio euskal taldeak Londreskoari. Itzulikoa Hegoafrikan eginen ez bada ere —hasiera batean Saracensek Lurmutur Hirian antolatu nahi zuen partida, baina hango Stormers taldearekin sortutako liskarrak medio, Londresen jokatuko da azkenean—, lehen abisua eman nahi dio Miarritzek.

Bere buruaz sinesten hasteko badauka garaipen on baten beharra Agilerako taldeak. Sailkapenean ere, puntu premia handia dauka, eta emaitzaren beharretik ere jokatu beharko dio Saracensi. Gaizki hasi den sasoia zuzentzea penitentzia horretatik pasatuko da.

MIARRITZE-SARACENS

Miarritze. Barcella, August, Marconnet; Thion, E. Lund; Guyot, Hariñordoki (kapitaina), Lakafia; Roussarie, Bosch; Balshaw, Traille, Baby, Ngwenya;eta Haylett-Petty

Saracens. Gill, Smit, Steevens; Borthwick (kapitaina), Smith; Brown, Burger, Joubert; Spencer, Hodgson; Short, Barry, Farrell, Strettle; eta Wyles.

Epailea. Nigel Owens (Gales).

Lekua. Agilera (13.500 ikusle).

Ordua. 14:30 (C+ Frantzia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.