Adi, eraman egin baitezake. Serioa da arriskua, eta serioagoak taldearen jardun eskasak eragindako zalantzak. Taldea gaizki dagoelako. Datuek erakusten dute hori garbi, baina baita entrenatzailearen eta jokalarien adierazpenetan sumatzen den etsipen kutsuak ere. Datuek ez dute eztabaidarako tarterik uzten. Baskoniak bost partida galdu ditu jarraian Euroligan, historian lehen aldiz, eta horregatik dago dagoen bezala: larri. Porrot horiek guztiek ezaugarri jakin bat izan dute. 40 minutu bete-betean jokatzeko komeriak izan ditu Ivanovicen taldeak.
Urtu egin da partidek aurrera egin ahala, erantzukizuna lauzpabost jokalarik bakarrik hartzen dutelako bizkar gainean. Horiek leher eginda aulkirako bidea hartzen dutenean sufritzen du taldeak, ordezkoek ez dutelako batere laguntzen. Izenak botatzea ausartegi izan zitekeen bi aste atzera, baina gaur egun bili-bolo dabil zeintzuk diren bizkarrezur sendoa eta zeintzuk bizkarrezur hori sendo babesten ez dutenak. Stanko Barac ondo ari da, baina bakarrik ezin du bera bezain handi diren edo eskarmentu handiagoa duten piboten aurka jardun partida osoan. Teletovici ere tarteka berekoi jokatu izana leporatu zaio, baina bota dituen hirukoetatik batzuk saskiratu izan balitu, inork ez luke ezer esango. San Emeterio da hirugarren zutabea, baina fisikoki justu samar sumatzen zaio azken asteetan.
Hamaikagarrenez errepikatuko dugu taldearen ikur izan behar zuten, baina trakets ari diren jokalariak. Ez dute BERRIA irakurriko, beraien ekarpena derrigorrezkoa dela uler dezaten, baina norbaitek esango zien gehiago egin behar dutela. David Logan da hitz potoloak entzun beharreko lehena, Brad Oleson ondoren, eta Nemanja Bjelica azkena. Huertas ez da gaizki ari, eta Haislip goraka ari da pixkanaka.
Erreboteen zama astuna
Baskoniaren baliabide urritasunak erreboteetan du isla zuzena. Jabetza askok eta garaipen askok egin dute ihes taldeak zulo ikaragarria duelako alor horretan. Arazoaren jatorria Baskoniak pibot peto bakarra duela da. Baracek ezin du dena egin, baina Ivanovicek berak azaldu du egoera ondoen: «Erreboteak ez ditu beti jokalari handienak bereganatzen. Txikiagoek, grina badute, erreboteak ere har ditzakete, eta hori da gakoa. Ahal izatea baino gehiago, nahi izatea». Mezu zuzena da hori Huertas, Oleson, Logan, Ribas eta besteentzat.
Baskoniaren komeriei parean izango duen aurkariak dakarren zailtasuna gehitu behar zaio. Talde gogorra baita Khimki. Errusiarrek ere jokoan dute Top16ko sailkapena, eta galtzen badute, beltz samarra dute etorkizuna. Besteak beste, Tel Aviven jokatuko dutelako datorren astean. Khimkik haiekin sobera ez fidatzeko moduko emaitzak lortu dute Moskutik at jokatu dituen partidetan. Lau puntugatik galdu du Partizanen aurka eta Assecoren aurka, eta zortzi puntugatik Kaunasen.Sergio Scariolo entrenatzaileak eta Zoran Planinicek Baskoniaren inguruan duen ezagutza ere aintzat hartzeko modukoa da.
Aukerak
BASKONIAK AUKERAK IZATEKO EMAITZAKGaur bost punturen aldeagatik menderatu Khimki. 64-60 galdu zuen Baskoniak hilabete atzera Moskun. Bost punturen aldearekin Khimkiren aurretik sailkatuko da berdinketa denetan. Nahikoa luke Khimkiren emaitzak errepikatzea ligatxoko azken bi norgehiagokatan.
Garaipena, baina bost puntu baino alde txikiagoarekin. Ligatxoko azken bi partidak irabazi beharko lituzke nahitaez, eta beste emaitzen zain egon.
BASKONIA-KHIMKI
Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako A multzoko zortzigarren jardunaldia.
Caja Laboral Baskonia. Logan, Huertas, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Haislip, Musli, Barac, Garcia eta Buesa.
Khimki BC. Raul Lopez, Planinic, Kelati, Keith Langford, Fridzon, Zaytsev, Panin, Monya, Kreso Loncar, Eze eta Savrasenko.
Sailkapena. Baskonia bosgarren da: 2-5 (-5); eta Khimki hirugarren: 3-4 (+19).
Lekua. Buesa Arena (9.763 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB1).
Beste partidak. Gaur, Maccabi-Partizan (20:00), eta Asseco-Zalgiris (20:15).