Aurtengo urtea ez du erraz ahaztuko Novak Djokovicek. 2011ko 64. garaipena lortzeaz gain, dagoeneko sei final irabazi dizkio Rafa Nadal balearrari —Indian Wells, Miami, Madril, Erroma, Wimbledon eta AEBetako Irekia—. Atzo goizean jokatu zen azkena, New Yorken (AEB). Serbiarrak erraz hartu zuen mendean (6-2, 6-4, 6-7eta 6-1). Lau ordu eta hamar minutu iraun zuen partidak.
Partidaren hasiera gogorra egin zitzaion serbiarrari, balearraren jokoa geldiezina zelako, eta hark aurrea hartu zuen markagailuan, serbiarraren sakea hautsiz. Une horretan balearra lasai jokatzen hasi zen, eta horretaz baliatu zen serbiarra, erasora jo baitzuen, eta mentalki Nadal kolpatu. Ondorengo setean ere bizitasun handia ezarri zuen Balkanetako jokalariak. Hasieratik hartu zuen aurrea markagailuan, baita jokoan ere. Errebesarekin min handia egin zion Djokovicek Nadali, eta bigarrengo seta ere bereganatu zuen. Hirugarrengoa hil edo bizikoa zen Nadalentzat, galduz gero finala ere galduko zuelako. Ez zuen huts egin, eta gogotsu berrekin zion jokoari, eta lehen aukeran kendu zion sakea serbiarrari; 0-2 aurreratu zen. Hala ere, Djokovicek, lehen setean bezala, jokoa berreskuratu, eta markagailua irauli zuen: 4-2. Partida bertan amaituko zela zirudien, baina Nadalek buruari buelta eman eta, joko ikusgarriari esker, partida berdintzea lortu zuen. Azken puntu horietan hasierako maila berreskuratu zuen, eta bere lehen seta tie-break-ean lortu.
Hirugarren setaren ondoren, serbiarrak medikuaren laguntza behar izan zuen, bizkarreko mina arintzeko. Orduan, Nadal garaipenean sinesten hasi zen, serbiarra fisikoki maila onean ez zegoelako, eta bera, aldiz, bai. Hala ere, sake indartsuari esker, azken seta bereganatu zuen Djokovicek, eta, hala, partida eta finala irabazi zituen. Serbiarrak urteko 64. garaipena lortu zuen; 66 partida jokatu ditu. Egin duen urtea ikusgarria da, jokatu dituen partida ia guztiak irabazi baititu.
Partidaren ostean, iritsi ziren bi finalisten iritziak entzuteko unea. «Ez dut uste inor garaiezina denik. Urte honetan hain partida gutxi galtzea itzela da. Rafari [Nadal] eta Rogerri [Federer] irabazteko, indartsua izan behar duzu, bai fisikoki eta baita mentalki ere, ez baitute etsitzen. Zaila da haiei irabaztea, baina aurten lortzen ari naiz, eta benetan gozatu egiten dut garaipen hauekin», esan zuen AEBetako Irekiko txapeldun berriak. Serbiarrak lortu duen laugarren Grand Slama da, horietatik hiru sasoi honetan lortu ditu. AEBetako Irekia, berriz, lehenengo aldiz eskuratu zuen atzo.
«Une gozoa bizitzen ari da, zaila izango du horrelako denboraldia berdintzea, edo maila berean mantentzea. Badakit gainditu ahal izateko asko hobetu behar dudala, batez ere egiten ditudan okerrak. Gaur gustura noa, partida on bat jokatu dudalako», esan zuen Nadalek. Bere denboraldiaz ere hitz egin zuen balearrak. «Ez dut neure burua hain jokalari ontzat jotzen denboraldi txarra egin dudala esateko. Roland Garros eta Montecarloko Mastersa irabazi ditut, eta Grand Slameko bi final eta Masters 1000ko beste lau final jokatu ditut. Urte ona da edonorentzat». Finala amaitu bezain laster, hegazkina hartu zuen Nadalek, Espainiarekin Davis Kopa jokatzeko asmoz. Frantziaren aurka jokatuko du.
Garaipenak ez du etenik
Novak Djokovicek AEBetako Irekia lortu du, Rafa Nadali urteko seigarren finala irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu