Garaiz, baina garesti

Urtebete barru hasiko dira Londresko Olinpiar Jokoak; kirol azpiegituren eraikuntza erritmo oso onean doa, baina hasiera batean onarturiko aurrekontua ia hiru aldiz handitu behar izan dute.

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Lasai dago Sebastian Coe. Atleta bikain izandakoa Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetako batzorde antolatzaileko burua da, eta bere egitasmoaren oinarria erritmo onean garatzen doala ikusteak aldartea lasaitu dio. Patxadaz mintzatuko da gaur jokoak hasteko urtebete falta dela gogoratzeko antolaturiko zeremonian. Zeremonia horretan Jacques Rogge Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (NOB) buruak mundu guztiko atletak deituko ditu. Atenas 2004ko azken orduko presen eta Pekin 2008ko zalantzen ondoren Londresko azpiegituren lanak erritmo oso onean doaz. Egun %88 eraikita daude, eta abuztuan, besteak beste, txirrindularitza eta igeriketa proba luzeetako inguruak probatuko dituzte. Dena garaiz, dena bare, baina garesti. 2003an aurkezturiko 2.375 milioi euroko aurrekontua urrun gelditu da, eta orain, Ingalaterrako gobernuaren helburua 8.170 milioi euroen langa ez igarotzea da.

«Hau 800 metroko lasterketa balitz, 600 metroak igaro berri genituzke, eta une erabakigarrian sartuta geundeke. Halere, tropelaren aurre aldean gaude», atletismo metafora erabili du Coek Londres Olinpiar Jokoak hartzeko prest dagoela azaltzeko. Argiagoa izan da Boris Johnson alkatea: «Munduari ongi etorria emateko prest gaude dagoeneko». Stratfordeko Olinpiar parkean ez da garabi erraldoirik ageri, eta eraikuntza guztiak elkartuko dituen belardia landatzea baino ez da falta. Hori izango da jokoen bihotza, 2,5 kilometro koadroko gune industrial ohia, besteak beste, olinpiar estadioa, eta hiribildua hartuko dituena. Saskibaloi pabilioia bukatuta dago ere bai, eta O2 pabilioia, Wembleyko estadioa edota Wimbledongo All England Cluba kirolarien zain daude. «Kontrolpean egon daitekeen guztia gure kontrolpean dago», adierazi du Hugh Robertsonek, espresuki izendaturiko olinpiar ministroak.

Diru kontuak ez dira irteten baina. Ingalaterrako gobernuak gastu sozialaren murrizketa handiak aurreikusi ditu, eta krisi ekonomiko egoera larri batean ez da erraza azaltzen aurrekontua nola handitu den hainbeste. 2003an, olinpiar egitasmoa aurkeztu zutenean, 2.690 miloi euroko aurrekontua kalkulatu zuten, eta egun antolakuntzak 10.500 milioi baditu ere, helburua 8.170 milioietatik ez pasatzea da. Azken hilabeteetan aurrekontua nola murriztu aztertzen aritu da Ingalaterrako Olinpiar Batzordea eta Robertsonek «ziurtzat» jo du ez dituztela 8.100 milioiak igaroko.

2012koak Londresen antolatuko dituen hirugarren jokoak dira, eta esperientziak hiriaren alde egingo du. «Kirol modernoa asmatu zuen hiria da,kultura anitzduna erabat, eta ez dut uste antolaketa arazo handirik egongo denik», onartu du Jacques Roggek. Urtebete barru egingo da irekiera ekitaldia, Daniel Boylek —Slumdog Millionaire filmaren zuzendaria— diseinaturikoa, eta jokoak abuztuaren 12ra arte luzatuko dira. Halere, kirol lehia bi egin lehenago hasiko da, futbol txapelketako lehen kanporaketekin. Guztira 10.500 kirolarik hartuko dute parte, 5.000 teknikari gerturatuko dira eta 20.000 kazetaritik gora espero dira. Ikusleei dagokionez, jokoek Ingalaterratik kanpoko milioi bat pertsonatik gora erakarriko dute.

Jokoek ilusioa eragin dute Londresen, oso deserosoak izan direla jakin arren, hala diote behintzat hiritarren artean eginiko inkestek. Gobernua inbertsioa errentagarria izango dela sinestarazi nahi die, eta jokoek 70.000 lanpostutik gora sortuko dituela aurreikusi du. Azpiegiturek, bestalde, etorkizunean erabilera izango dutela ziurtatu nahi izan du. 80.000 ikuslerentzako olinpiar estadioko goiko harmaila desmuntatu egingo dute eta West Ham United futbol taldeak erabiliko du zelaia. Harmaila hori 55.000 ikuslerentzako da, eta 2016ko jokoetan berrerabiltzea aztertzen ari dira. 12.000 ikuslerentzako saskibaloi pabilioia, berriz, desmuntatu egingo dute jokoen ondoren.

Dena ondo lotu nahi dute antolatzaileek, eta abuztuanhainbat azpiegitura probatuko dituzte. Saskibaloi torneo bat antolatu dute, eta abuztuaren 14rako lasterketa bat jokatuko da txirrindularitza zirkuituan —probak 140 kilometro izango ditu eta hiri barnean jokatuko da—. Hyde parkea hiriko atseden gune ezagunenetarikoa da, eta jokoak hiritarrengana gerturatu nahian bertan jokatuko dira triatloi eta igeriketa proba luzeak. Eremu hori ere probatuko dute abuztuan. «Gauzak ondo egiten ari gara, eta dena ondo probatzea ezinbestekoa da. Inor ez da Olinpiar Jokoetara joaten entrenamendu eremuan 200 aldiz korrika egin gabe», azaldu du Coenek.

Atentatua gogoan

Segurtasuna ere gertutik zainduko dute, baina itsutu gabe. Coek ukatu egin du eremua «militarizatuko» dutenik. Dena den, ez da polizarik faltako. «Behar den tokietan pertsona egokia egongo da», aurreratu du Coenek. Guztira 12.000 poliziak zainduko dute olinpiar eremua eta segurtasun pribatua ere egongo da. 600 milioi euro milioi euro segurtasuna ziurtatzeko, antolatzaileek ez baitute ahaztu 2005eko uztailaren 7an, olinpiar hiri izendatua izan ondorengo egunean 52 pertsona hil zituztela Londresko metroan egondako atentatuan. Ingalaterrako gobernuak «mehatxu terrorista», «benetakoa» dela onartu du eta segurtasun gailuen artean begi ninizko bidezko kontrola aurreikusi du.Halere, bertan behera utzi dute hegazkin espiek jokoek irauten duten bitartean hiriazaintzearen aukera, «garestiegia» zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.