NBAko Ekialdeko eta Mendebaldeko Konferentzietako finalak pil-pilean daude. Miamik dagoeneko patrikan du Ekialdeko Konferentziako finala jokatzeko txartela. Floridako taldeak ez zuen gupidarik izan Washingtonekin finalerdietan. 4-0 irabazi zion, oso erraz, nahierara. Baina beste hiru kanporaketak izugarri parekatuak izaten ari dira, eta bina berdinduta daude.
Detroiten eta Indianaren arteko kanporaketako irabazlea izango da Miamiren aurkaria Ekialdeko Konferentziako finalean. Detroit, NBAko txapelduna, uste baino gehiago ari da sufritzen aurrera egiteko. Indiana bikain ari da, sailkatzeko merituak egiten. Azken partidan Detroitek garaipen garrantzitsua lortu zuen Indianapolisen (76-89), Horri esker, Detroitek etxean jokatuko du partida erabakigarria, zazpigarrena, aurretik sailkatzen ez bada edo bidean geratzen bada.
Mendebaldean antzeko zerbait gertatzen da. Seattle-San Antonio eta Phoenix-Dallas kanporaketak bina berdinduta daude, eta oso litekeena da zazpigarren partidan erabakitzea nork egiten duen aurrera. San Antonio da faboritoa lehen kanporaketan. Batetik, Seattlek baino talde hobea du. Bestetik, eskarmentu handiagoa du kanporaketak jokatzen, Seattlek aspaldian ez baitzuen horrelakorik jokatzen. Hori gutxi balitz bezala, San Antoniok etxean jokatuko du zazpigarren partida, erabakigarria izan daitekeena. Seattle, hala ere, ustekabea ematen saiatuko da.Dallasen eta Phoenixen arteko kanporaketa ikusgarria izaten ari da. Zaila da esatea nor izango den finalean, bi taldeak sasoiko baitaude. Phoenixek etxean jokatuko du zazpigarren partida, eta hori erabakigarria izan daiteke.
SASKIBALOIA
Garesti dago NBAko eraztuna
Indiana-Detroit, Seattle-San Antonio eta Dallas-Phoenix kanporaketak bina berdinduta daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu