Koronabirusak eragindako etena pixkanaka amaitzen ari denean, Gaizka Garitanok beste denboraldi baterako berritu du kontratua Athleticekin. Entrenatzailea «pozik» agertu da gaurko prentsaurrekoan, eta azaldu du partida zailak jokatuko dituztela denboraldiaren luzapenean, eta zazpigarren postua dela taldearen helburu nagusia.
Urtebeteko kontratuak egitea da Garitanoren «funtzionatzeko era», aukerarik onena iruditzen zaiolako berarentzat eta taldearentzat: «Niretzat helburu estua da, epe motzean emaitza onak behar ditudalako taldean jarraitu nahi badut, eta Athleticentzat ere errazagoa da entrenatzailea aldatu nahi badu; biontzat da ona», adierazi du.
Helburuak jartzeko, ordea, ez du urrutira begiratzen: «Futbolak epe motzean funtzionatzen du, eta orain, are gehiago». Datozen 11 jardunaldietan, zazpigarren postua da taldearen helburua, hilabete eta erdiko tartean Europako txapelketetarako sailkatzea.
Taldea entrenatzen ari da, baina entrenatzaileak ezin du egoeraren balorazio osorik egin. «Ez dugu inoiz modu honetan jokatu, ezta entrenatu ere. Jenderik gabe, bost aldaketarekin, beroarekin... Hamaika baldintza aldatuko dira». Haren ustean, lagunarteko partidarik ez jokatzea da zailtasun nagusia: «Entrenamenduetan ondo sentitu gara, baina ez daukagu erreferentziarik; inor ez da heldu 90 minutu jokatzera». Talde guztiak daude berdin, eta egoera berrira ondoena egokitzen denak izango du abantaila, Garitanoren esanetan.
Athletic bolada txar batean zegoela jarri zuten Garitano gidari, 2018an. «Taldea oso dinamika txarrean zegoen, eta denon artean lortu genuen buelta ematea». Liga ondo hasi zuten arren, Espainiako Kopa hasi zenez geroztik ez zuten maila mantendu, eta txapelketa horri eman zioten garrantzia. Arrakasta izan dute bidean: finalera sailkatu ziren Realarekin batera.
Ez dakite noiz jokatuko duten Kopako finala, baina ligari ekainaren 14an berrekingo diote, Atletico Madrilen aurka, San Mamesen. Partidak ez du lehengo itxura izango, zalerik gabe jokatuko baitute.
Adurizen agurra
Aritz Aduriz jokalariak erretiroa hartu berri du, denboraldiaren ezohiko etenaren erdian. Garitanok adierazi du bera «atsegin handiz» aritu dela futbolariarekin azken bi urteetan. «Asko hitz egin izan dut harekin, zer moduz zegoen, ea joka zezakeen hogei minutuz edo ordu laurdenez, mina zeukalako. Bartzelonaren aurkako partidaren aurretik ez zegoen oso ondo, baina, azkenean, atera genuen eta kristoren gola sartu zuen. Ni ere harrituta geratu nintzen. Horrek definitzen du Aritz pertsona modua, eta erakusten du taldeari azken unera arte eman diona».