Jeremy Hunt Erresuma Batuko Kultura eta Kirol ministroak adierazi du Londresen Olinpiar Jokoetarako segurtasunean eta garraiobideetan egindako hobekuntza planen doitasuna neurtzeko "gako" izango direla ondorengo 48 orduak. Gobernuak indartu egin ditu bi alorrak Olinpiar Jokoetarako, eta "ziur" dago lana ondo egin duela. Ostiraletik aurrera jarriko dute martxan garraio eta segurtasun plan berezia.
42.000 lagun arduratuko dira Olinpiar Jokoetako segurtasunaz; tartean, 18.200 soldadu. Horietako 1.200 azken orduan erantsi dituzte, baina ministroak ziurtatu du ez dela "mehatxu mailagatik hartutako neurria". Jokoen koordinatzaile Scotland Yardeko Chris Allisonek adierazi du planak 1.264 milioi euroko kostua sortuko duela. "Polizia kopurua ez da nabarituko eta, beraz, ez diete protagonismorik kenduko kirolariei".
Halaber, Londresko garraio sistemak sarri huts egiten duela onartu dute, eta arazoak sortu ohi direla. Horregatik, metroaren maiztasuna ugaritu dute, besteak beste. Hala ere, kirolarientzako espreski "errepide olinpikoak" egokitu dituzte; kirolariak hitzorduetara arazorik gabe hel daitezen prestatutako 48 kilometroko bideak.