Gaurko partida ez da erabakigarria. Halakorik ezin da esan, hamabi jardunaldi baino ez baitira jokatu. Liga bukatzeko asko gelditzen da, eta Realak ez du premia gorririk sailkapenari begira; baina, halere, begibistakoa da partida garrantzitsua jokatuko duela gaur Gijonen. Mugarri izan daitezkeen horietakoa. Izan ere, hiru garaipen kateatu ostean, azken bi partidak galdu ditu Realak. Ezin da esan gaizki jokatu duenik, baina emaitzak hor daude. Gainera, aurkari zuzena da Sporting, eta etorkizunari begira ere, ona litzateke puntuak biltzen jarraitzea, egutegia dezente gogortuko delako datozen jardunaldietan.
Realari oroitzapen onak dakarzkio Molinonek, eta ez bakarrik han irabazitako Ligagatik. Azken hogei partidetan, bost aldiz baino ez du galdu. Zaleen babesa izango du Sportingek, baina baita presioa ere, jaitsieran dagoen lehen taldearekin, Malagarekin, berdinduta baitago sailkapenean.
90 minututan eutsi beharra
Azken bi norgehiagoketatik ondorioak atera behar ditu Realak. Gauza onak ikusi zitzaizkion: oldarkortasuna eta erasoan azkar ateratzeko joera, esaterako, baina esku hutsik gelditu zen dohain horiei 90 minutuetan eusteko gai izan ez zelako. Herculesek bost minutuko txakalaldia aprobetxatu zuen bi gol sartzeko. Atletico Madril, berriz, nabarmen nagusitu zitzaion, lehen ordu erdia kenduta. Baloia oparitu zion Realak. Bigarren Mailan sarritan egiten zuen, baina ez zuen ondorio larririk izaten. Lehen Mailan, ordea, erabakigarria da, aurkariek ez dutelako barkatzen, eta askoz ere etekin handiagoa ateratzen dietelako sortutako aukerei.
Oreka topatzea da Realaren erronka. Txalotzekoa da dena eman nahi izatea, baina partidak oso luzeak dira, eta garrantzitsua da pilotu automatikoarekin jokatzen ikastea. Defenditzen asmatu behar da, baina horrek ez du esan nahi beti-beti presioan odolustea, ezta jokalari guztiak haren arean sartzea ere. Erdibidean dago gakoa. Itxura guztien arabera, Atletico Madrilen aurka jokatu zutenen aldeko apustua egingo du Martin Lasartek. Estrada eta Agirretxe daude deialdian, Markel eta Vigueraren ordez -euskarria ez da garaiz osatu-. Sutilek ere min hartu zuen Mirandesen aurkako lagunartekoan, eta Ifranek zain jarraitu beharko du.
Sportingek Diego Castroren hutsunea izango du. Taldeko goleatzailerik onena ez ezik, arrisku iturri nagusienetakoa ere bada zelai erdian. Defentsan Realari adina gol sartu dizkiote Sportingi: hemezortzi. Erasoan ere makal dabil, hamar baino ez baititu pilatu. Bost jardunaldi daramatza irabazi gabe, baina hala ere borrokarako sen handia du, etxean batez ere, eta opari gutxi egiten ditu. Lehia bizia espero dute bi entrenatzaileek.
Garrantzitsuen tankera du
Garaipenaren bidera itzuli eta Sporting aurkari zuzenarekiko aldea areagotu nahi du gaur Realak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu