Gartsua, 'Garzo'

Bigarren etapa irabazi du Stefano Garzellik, maisuki, Lienzen, Bergamon orain hiru egun lortutakoa bezala

Andoni Urbistondo.
2007ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Meritu handikoa da Stefano Garzelli Giroan egiten ari den lana. 33 urte ditu, dagoeneko, eta Giroan denetarik ezagututakoa da. Itzulia irabazi zuen 2000. urtean, eta lau aldiz sailkatu da lehen hamarren artean. Garzelli beti izan da Giroa irabazteko hautagaia itzulia hasi bezperan, baina urteen joan-etorrian egoera berrietara moldatzen jakin du. Giroa irabazteko erronka bigarren maila batean uztea, adibidez. Aukera izanez gero, saiatu, baina itsutu gabe.

Garzellik beste inork baino hobeto daki sailkapen nagusiko postu on batek ezer gutxi balio duela berarentzat, etapa garaipen batekin alderatuz gero. Giroa irabazi duen txirrindulariarentzat hutsaren hurrengoa delako seigarren edo zazpigarren postua lortzea. Alpeetan jabetu zen horretaz, bere aurkariak bera baino indartsuago zeudela ikusita. Etapa-ehiztari lanean murgildu zen ondoren, baina ez zuen edozein etapa aukeratu,etapa zaila baizik. Mendate gaizto bat zuena erdibidean, Passo di San Marco, eta bukaera bihurria Bergamon.

Etapa horietan sortzen diren ihesaldietan lehen mailako txirrindulariak sartzen dira, indarra dutenak. Garzellirekin batera Gilberto Simoni, Paolo Savoldelli eta Eddy Mazzoleni sartu ziren, besteak beste. Garzellik Giroko oilarren kemenari eutsi zion arazorik gabe, eta etapa bukaera zoragarrian, eskarmentuari etekin handia atera. Simoniren erritmo aldaketari eutsi zion aurrena, eta Saunier Duval taldekoa begi bistan mantendu uneoro. Azken zuzengunean harrapatu zuen, eta etapa dotorea irabazi.

Giroko bosgarren etapa izan zen Bergamokoa berarentzat. Postu batzuk aurreratu zituen sailkapen nagusian, baina azti jokatu zuen beste behin, eta Tre Cime di Lavaredoko etapa lasai hartzea erabaki zuen. Podiuma iritsezina zelako berarentzat, eta han alferrik xahutuko zuen indarra oso lagungarria gertatuko zitzaiolako azken astean.

Pentsatu eta egin. Bi aukera zituen. Atzokoa eta etzikoa. Bi etapek ibilbide gorabeheratsua dute, eta hala izatea derrigorrezkoa da Garzellik aukera izateko. Gaurkoa liderren artean erabakiko da, Zoncolanen, eta biharkoa eta igandekoa, esprintean -larunbatean erlojupekoa jokatuko da-. Lehen aukera baliatu zuen. Atseden egunaren ondoren, pentsatzekoa zen etapa hasiera ero samarra izango zela, ihesaldia sortu arte. Ez zen hala gertatu. Jendea nekatuta zegoen, eta euriak eta hotzak tropelaren borrokarako grina apaldu zuen.

Garzelli zain geratu zen, eta bere taldea, Acqua&Sappone, lasai, ihesaldi arriskurik gabe zer zaindu ez zeukatelako. 30 kilometro ordukoa izan zen batez besteko abiadura lehen hiru orduetan, baina Austriara hurbildu ahala, bizitu egin zen erritmoa. Zalaparta hasi zen buruan, eta dozena bat lagunek egin zuten hanka.

Garzelli ez zegoen haien artean, baina ez zen asko urduritu. Ibilbidea ondo ikasita zeukan, eta bazekien Bannberg mendateko hiru koskatan aurretik zihoazenekin bat egiteko aukera izango zuela. Horrela egin zuen. Atzetik aurrera, sendo, pedal kolpe dotorearekin. Ritxi Serrano, Pablo Lastras, Pietro Caucchioli, Txetxu Rubiera eta Laurent Mangel zeuden aurretik.



HUSTU, ATSEDENA HARTU ETA EMAN. Lan bikaina egin zuen Garzellik. Hustu egin zen aurreko bostak harrapatu arte, bost minutuko atsedentxoa hartu zuen hori lortuta, eta azken koska igotzen hasi bezain pronto egurrean hasi zen. Pablo Lastras haren gurpilera itsasten saiatu zen, baina Garzelli gero eta urrunago zuen. Garzo-k sua zeukan hanka zuztarretan, eta kemena sobera. Bannberg gainean 45 segundoko aldea lortu zuen, eta 17 kilometroko zirkuitu laua, aurretik.

Atzeko boskotea nahiko ondo antolatu zen jazarpenean, bakarren bat berekoi jokatzen saiatu bazen ere. Garzellik, ordea, pedalkada biribila zeraman, erlojupeko batean balego bezala, eta 45 segundoko errentari eroso eutsi zion. 38 segundora jaitsi zuen aldea boskoteak, baina helmuga 10 kilometrora zegoen, eta atzekoek etsi egin zuten. Zuk tira, nik begira, Garzelli helmugara iritsi zen, eta bigarren etapa garaipenarekin gozatzeko astiarekin, gainera. Merezi zuen, balentria handia egin zuelako, txirrindulari handiek garaipen handiak lortzen dituztelako.

Garzellik zortzi minutu eta erdi irabazi zituen, gainera, eta jauzi polita egin du sailkapen nagusian. Garzelli 13. postuan dago orain, 11 minutura. Gaur lasai antzean igoko du Zoncolan gaiztoa, arrakasta izateko ihesaldiren batean sartzen ez bada. Terme di Comanon bukatzen den etapan du hirugarren garaipena lortzeko aukera ona, etzi, eta orduan bete-betean egoteko, lasai ibili behar du gaur eta bihar.



saILKaPenaK
HAMASEIGARREN ETAPA

1. S. Garzelli (Acqua&Sapone) 5.34.07

2. Laurent Mangel (Ag2R) 1.01era

3. Ritxi Serrano (Tinkoff) d. b.

4. Jose Luis Rubiera (Discovery) d. b.

5. Pietro Caucchioli (Credit Agricole) d. b.

6. Pablo Lastras (Caisse d'Epagne) d. b.

19. Laszlo Bodrogi (Cr. Agricole) 8.10era



SAILKAPEN NAGUSIA

1. Danilo Di Luca (Liquigas)68.00.55

2. Eddy Mazzoleni (Astana) 1.51ra

3. Andy Schleck (CSC) 2.56ra

4. Gilberto Simoni (Saunier) 3.19ra

5. Damiano Cunego (Lampre) 3.23ra

14. Patxi Vila (Lampre) 12.35era

34. A. P. Arrieta (C. d'Epargne) 51.21era



 

Zoncolan, nahiko lan



Profesionaletan igo daitekeen munduko aldapa pikoena da Zoncolan; %11,9ko desnibela du, eta %22ko maldak ere bai.
A. u.

Donostia

Jokoan astakeria handiagoa nork egin egongo balitz bezala, horrela jokatzen du Italiako Giroko antolakuntzak. Giroaren izena eta sona duen proba batean Zoncolan mendatea jartzea astakeria delako. Txirrindulariak aurrera egin ezinda geratzen den aldapa oro astakeria delako. Nekeak eragin ditzake halako egoerak, mendate askoko etapa batean, edo gaixotasunak, besteren batean, baina Zoncolanen bihotza muturreraino zigortzen da, eta hori arriskutsua ere bada.

Zoncolan 2003ko maiatzaren 22an igo zen lehen aldiz, eta Giroa ez da bueltatu hara ordutik. Urte hartan, gainera, azken hiru kilometroak ziren zail-zailak, %10etik gorako malda tentea zutenak. Gaur, mendate osoak gainditzen du portzentaje hori, 10 kilometro pasatxo. Mortirolo airean igotzeko moduko aldapa da Zoncolanekin alderatuz gero, ulertze aldera. Hori arin-arin botatzea ere astakeria dela pentsatuko dute askok, baina Zoncolanen zenbakiak ikusita, berehala aldatzen da iritzia.

Zoncolanen historia Mortirolok duenaren antzekoa da. Abeltzainek ganadua goi larretara eramateko pista estu eta malkartsua errepide bilakatu zuten orain gutxi. Zoncolan Italia ipar-ekialdeko eski estazioa da, eta badu bertara iristeko bide zabal bat. Tropelak gaur igoko duena, ordea, beste bide bat da, autoek lehen edo bigarren abiaduran igo beharreko horma. Txirrindulari batzuk Giroko antolatzaileak kritikatu dituzte. Ibilbideko gogortasuna eta Zoncolan ez datozela bat, diote. Ikuskizuna hain aldapa tenterik jarri gabe ere egoten dela, eta ez dute arrazoirik falta. Zoncolanek muga-mugan doazen kirolari sakrifikatuen ezina utziko du agerian. Zazpi edo zortzi kilometroko abiaduran doazen gizasemeak, polikiago ezin dutelako egin bidea. Hortzak estututa, aurpegia zimurtuta, eta bizikleta gainean erabat makurtuta, igitaien pare, beste gerri kolpe bat emateko indarrak non bilatu ez dakitela.



1.200 METROKO DESNIBELA. Mortirolok 12 kilometro ditu, eta Zoncolanek, pare bat gutxiago. Halere, nabarmen handiagoa da Zoncolanen batez besteko pendiza. %10,5 Mortirolok, %11,9 Zoncolanek. Asko da hori, batez ere 10 kilometroko aldapa dela aintzat hartuta. Zoncolan mendateko grafikoari lehen begiratua ematen diona beldurtuta geratzen da. ÒEz da posible aldapa hau benetakoa izateaÓ, esaten dute.

Ba posible da. Harridura keinuren bat egitea saihestezina da. Zoncolanek hasiera normala du. 1.500 metro %9,1eko maldarekin. Liaris herrian hauspoari atsedena emateko aukera ere badago. Hori bai, aukera txikia. Mendateko hurrengo zortzi kilometroak infernuaren parekoak dira. Bost kilometro osok %15,3ko pendiza dute batez beste, eta seigarrenak, %13. Ordu erdiko muturreko ahalegin itzela da tarte hori txirrindularientzat. Ordu erdi bukaezina. Tarte horretan daude mendateko aldapa pikoenak, %20 eta %22ko desnibelekoak. Zoncolan gaineko azken bi mila metroak paradisuaren parekoak bihurtuko dira txirrindularientzat. %7,4 eta 8,8ko batez besteko malda dute, bakarrik. Zenbaki gehiago, gaur txirrindulariek eramango duten garapena. 34 hortzeko platera aurrean, oso gutxitan erabiltzen duten platera, eta 27 edo 29 hortzeko pinoiak atzean. Hori ere oso gutxitan erabiltzen dena. Ondo etorriko zaie.

Zoncolan behin bakarrik igo da Giroan. 2003ko maiatzaren 22an izan zen, baina orduko igoera eta gaurkoa ez dira berberak. Orduan azken hiru kilometroak bakarrik ziren tente-tenteak. Gilberto Simoni nagusitu zen orduan Zoncolanen, baina onenen arteko aldeak ez ziren handiak izan. Simonik 34 segundo jan zizkion Stefano Garzelliri, 39 Francesco Casagranderi eta 43 Marco Pantani handiari.

Bitxia da benetan www.salite.ch web orriak Zoncolan mendateari buruz dioena. «Zalantzarik gabe, Italiako 10 mendate gogorrenen artean dago». Ondorioa Zoncolan baino aldapa tenteagoak egon, badaudela da. Giroko antolatzaileak ez al dituzte bilatuko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.