INTER BAKU 0-0 ATHLETIC

Gatz Baku

Athleticek ez du sufritu Inter Baku kanporatu eta Europako Kopako azken atarikora sailkatzeko. Aspergarria izan da itzuliko partida. Gaur jakingo du zein duen hurrengo aurkari.

Atzoko partidaren une bat. ISMAYIL NUR, EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko abuztuaren 7a
08:18
Entzun

Ez zen lore jokoetarako eguna. Partida jokatu, kanporaketa pasatu, eta minik hartu gabe itzultzea zen kontua. Horixe egin zuen Athleticek, ezta pixka bat gehiago ere. Helburua lehenetsi zuten ikuskizunaren gainetik. Tramite partida zen, eta tramite hori ez gaiztotzea nahi zuen Ernesto Valverdek. Athleticek ez zuen irudi onik eman, lehen zatian bereziki, baina ez zuen sufritu. Bi taldeen alde handia agerian gelditu zen berriro, eta partida astun eta trabatua izan zen. Bilboko taldeak gaur jakingo du zein izango duen Europako Ligako azken atarikoko aurkari, Nyonen (Suitza, 13:00) egingo den zozketan. Inter Baku baino sendoagoa izango da, Ziur.

Ondorio gutxi aterako zituen Valverdek Azerbaijanera eginiko bidaiatik. Eta atera zituen gutxi horiek ez bereziki baikorrak, Athleticek partida txikia jokatu baitzuen. Oso aldeko emaitzak —joanekoan 2-0 irabazi zuen Athleticek— eta aurkariaren beldur ez izateak ez du motibazioa pizten laguntzen, eta Athleticek ez zuen estutu. Baloia izan zuen, baina ez sakontasunik. Joaneko partidan bezala, Inter Bakuk bost atzelariko lerroa zelairatu zuen, eta Athleticek hegalen bila jo zuen. Ez zen trebe ibili, baina, eta aukera gutxi izan zituen. Garbiena Javi Erasok (19. min), lehen zatian, baloia zutoinera bidali zuenean.

Erasoan ez zen trebe ibili Athletic, eta atzean ere ez zuen erakutsi sendotasun handirik. Erlaxatuta jokatu zuen, eta Inter Bakuk gola sartzeko hainbat aukera izan zituen. Esaterako, 12. minutuan, epaileak ondo baliogabetu zuen etxekoek korner batean sarturiko gola, eta lehen zatian hainbat aldiz jaurtiki zuten areaz kanpotik. Interrek joanekoan baino oldarkorrago jokatu zuen —ez zen zaila—, baina aukera horiek baliatzeko kalitatea falta izan zitzaion.

Atzeko biguntasun horren eredu garbienak bigarren zatiaren hasieran azaleratu ziren. Interrek bi aukera izan zituen jarraian. Aurrenekoan, Martinsek ez zuen asmatu, eta, bigarrenean, Iago Herrerinek huts larria egin zuen De Marcosen pase bat area barruan kontrolatzean. Atezaina penalti egiteko zorian egon zen. Bost minutu horiek erabat haserretu zuten Valverde, eta fundamentu pixka bat eskatu zien jokalariei.

Errietak eragina izan zuen, eta Athleticek hobera egin zuen. Distira handirik gabe, baina hobera. Baloia bahitu, zentzuz mugitu, eta nekatu egin zuen Inter. Bakuko taldeak arazo ekonomiko larriak ditu, eta sasoi honetan zail du Azerbaijango ligan izena ematea. Baliteke atzokoa izatea Interren historiako azken partida, eta jokalariek ohorez bukatu nahiko zuten bidea. Irabaztea ezinezkoa zenez, berdinduz gutxienez.

Bilboko taldeak erasora egin zuen bigarren zatian, hein handi batean Inter areago sartu zelako atzean. Harresian arrakalak aurkitzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Freskotasuna falta izan zuen. Ez zen egon 40 graduko berorik, baina bai giro oso sargoria, eta horrek ere ez zuen lagunduko. Erdiko atzelariek oso gertutik lotu zuten Aritz Aduriz; beraz, hiruko erdiko marratik iritsi behar zuen golak. Hirurak eta ordezkoak, baina, kamuts aritu ziren, Markel Susaeta bereziki. Joanekoan bezala, eibartarrak gola sartzeko aukerak izan zituen, baina bizirik dirau ate aurrean duen bolada txarrak.

Abiadura bila jarrita, Valverdek Sabin Merino zelairatu zuen bigarren zatian, eta, gogotsu irten zen arren, gutxi aldatu zuen jokoa. Athleticen gizonezkoen lehen taldearekin debuta egin duen 595. jokalaria da. Atzoko partidak historiarako utziriko datu bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.