Japoniako Fuji zirkuituan du hurrengo geltokia 1 Formulak. Singapurreko emaitza harrigarriaren ondoren, bihar goizaldean zer gertatuko den asmatzea oso zaila da. Gerta daitekeenaz hitz egin daiteke, baita haien ondorioez ere. Kalkulagailua erabiliz, Hamilton ia txapelketa erdiarekin etxeratu daiteke, baina ausartegia da halakorik aurreratzea.
Arraroa da autoak egunez ikustea, Singapurren gauez korritu ondoren. Desberdin ikusten dira, desberdinak direlako. Bridgestonek keinu bat egin nahi izan dio 1 Formulak ekin dion kanpaina berdeari, pneumatikoei marra berdeak marraztuz. Keinua besterik ez da, ez baitute ezer aldatu. Baina jakina da, Japonian korrituta, hedabideetan oihartzuna bilatzen duela, eta lortu dute.
Ez daude aurrealdean, baina Japoniak beti izan du 1 Formulan eragin zabala, baita 1 Formulak han ere. Urte hasieran zortzi auto bultzatzen zituzten Honda nahiz Toyota motorrek, eta orain sei badira ere --Super Aguri desagertu ostean-, haien indarra ezin da baztertu. Ez indarra eta ez dirua ere, Hondak Alonsori eskaintza aberatsa egin baitio. Autoa hobetzea falta zaie soilik.
Espainiarrak ustekabea eman zuen duela bi aste garaipen sonatu horrekin. Urte osoan podiumik lortu ez, eta bat-batean lehen postuan amaitu. Japonian ere outsider bat izango da Renaulteko gidaria, eta, gainera, falta diren hiru lasterketetan ere antzeko rola jokatuko du. Haren taldeak, gainera, azkenean aurkitu du lehiatzeko moduko abiada.
Eta ez hori bakarrik, podiumerako borrokan sartzearekin batera, titulurako bidean ere erabakigarri gerta daiteke. Oraindik ere McLaren eta Ferrari autoak aurretik ditu, eta haien atzetik gelditzen bada, ez du ezer aldatuko. Baina denboraldia amaitzeko falta diren hiru lasterketetako batean euria egin dezake. Iaz, Japonian eta Txinan euria izan zuten bidaide pilotuek. Aurrenekoan, Hamiltonek irabazi zuen, eta, bigarrenean, Kimi Raikkonenek.
Massak zorte txarra izan du azken karreretan, Ferrariren hanka sartzeekin batera. Hanka sartze horiek gabe, lider ere izan zitekeen. Edonola ere, brasildar txikiak bikain moldatzen da Ferrari autoarekin, eta lehorrean konbinazio azkarrena da. Sei puntu ez dira asko Hamiltonen alde, baina lehen eta bigarrenaren artean bi puntuko aldea bakarrik dago lasterketan, eta horrela zaila du aldea jatea. Beraz, Ferrarik lehen bi postuak bereganatu behar ditu falta diren lasterketetan. Kovalainen, berriz, ez dago Hamilton laguntzeko moduan, oso atzean ibiltzen baita. Raikkonenek, ordea, ongi bete dezake Massaren bizkartzain lana.
Gau beltzetik, eguzki gorrira
Ferrarik pista lehorrean korritu nahi du Japonian, Massak Hamiltoni aurrea har diezaion sailkapenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu