Gaur da unerik aproposena

Lagun Arok ez dio inoiz irabazi Real Madrili, baina liga hasiera onak konfiantza handia eman die donostiarrei

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Zergatik ez dugu irabaziko ba?». Lagun Aroko jokalari eta entrenatzaileek ahotan darabilten galdera da. Inor harritzen ez duen galdera. Lagun Arok egin duen liga hasiera bikainak ematen dio horretarako aukera, baita aurkariaren izenak ere. Izan ere, Real Madril da gipuzkoarrek oraindik mendean hartu gabeko bakarra. ACB ligan aritutako beste talde guztiei irabazi die noizbait, inoiz ezReal Madrili. Eta sei alditan neurtu dituzte indarrak. Denetan izan dira garaile Madrilgoak. Gaur buka daiteke bolada txar historiko hori. Izatekotan, gaur da egunik aproposena. Oso ondo ari delako Lagun Aro, eta ez hain ondo Real Madril.

Kontuz, dena den, gehiegizko konfiantzarekin, Real Madril Lagun Arori astindu handi samarra emateko gai baita. 11 jokalari baino gehiago, 11 izar ditu, eta bizpahiruk lan ona egitea nahiko izan liteke donostiarren amets oro zapuzteko. Lasoren taldeak ze Real Madril topatuko duen da zalantza. Joan den larunbatean Alacanten aurka galdu zuen talde herrena, edo ostegunean, Euroligan, Erromako Virtus hankapean ibili zuen talde sendoa? Ezin jakin, partida hasi aurretik.

Lagun Aroren jardunak zalantza gutxiago sortzen du. Ondo ari da Pablo Lasoren taldea. Ondo defentsa lanean, liga osoan puntu gutxien hartzen dituen taldeen artean bigarrena baita, 69 punturekin. Ondo erasoan, baloia azkar mugituz eta extra pass edo azken pasea delakoari etekin handia aterata. Azken pase horri esker, aukera onena duen jokalaria bilatzen dute sarri Lagun Aroko jokalariek, eta saskiraketa garrantzitsuak lortu. Eta hirugarrena, eta agian garrantzitsuena. Zazpi edo zortzi jokalari dira eraso jokoan erantzukizuna hartzeko gai, eta izenak aldatu egiten dira partida batetik bestera. Batzuetan Doblas da saskiratzaile onena, beste batzuetan Baron, Salgado edo Tskitixvili. Miralles ere ardura hori hartzeko gai da, Panko edo Uriz bezala.

Suarez eta Llull

Pablo Lasok esandakoa atarikoan: «Real Madrilek arriskua dauka begiratzen zaion lekutik begiratuta. Ez dut defentsa berezirik prestatu inorengan, hari defentsa berezia eginez gero beste norbait azalduko baita». Lasok berak argi dauka liga hasiera honetan Carlos Suarez ari dela bultzatzen indartsuen: «Taldea aldatu du, baina bestelakoan orain arte bezala jarraitzen du: hirukoak, erasoko erreboteak...». Pankok hartu beharko du hura zaintzeko lan zaila. Txukun ari den bestea Sergi Llull da. Bizpahiru minututan partida baten norabidea aldatzeko gai den jokalari beroa da, eta dema ikusgarria espero da Baronekin.

Tomic ere nahiko ondo ari da. Oso handia da, zabala, eta lan eskerga izanen dute Doblas, Miralles eta Konek kroaziarra saskitik urrun mantentzeko. Dena den, joko antolatzaileen borrokak desoreka dezake balantza alde batera edo bestera. Sergio Rodriguez nahiko eskas ari da liga hasiera honetan, baina berak erabakitzen du taldearen jokaldia, eta Urizek eta Salgadok lehen erabaki hori zailtzea lortzen badute, pauso garrantzitsua emango du Lagun Arok. Adi, era berean, epaileek egingo duten lanari. Lagun Aro da falta gutxien adierazten dioten taldea, eta gehien adierazi dioten taldea jakina da: Real Madril.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.