Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak atxilotutako Indar Gorriko hemezortzi kideak gaur igaroko dira epailearen aurretik. Hala jakinarazi du Nafarroako Justizia Epaitegiak. Talde kriminaleko partaide izatea eta lesio delituetan parte hartzea egozten diete atxilotuei.
Oraindik orain sekretupean dago operazioa, baina, agentziek aurreratu dutenez, epailearen helburua da "atxilotuak ezker abertzalearen ingurunearekin lotzea eta terrorismo apologia delitua egin izana frogatzea".
Zaleek taldearen aurkako "razzia poliziala" salatu dute, eta elkarretaratzeak antolatu zituzten atzo iluntzean. Iruñean 500 lagun inguru bildu ziren, baina bertan behera utzi behar izan zuten protesta, Espainiako Polizia oldartu egin baitzitzaien.