Gaur edo bihar argituko dute asteburuko greba deialdia

Epaileak gaur hartuko ditu greba egitearen alde eta kontra dauden futbol taldeetako ordezkariak

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gaur iluntzean edo bihar askatuko da korapiloa. Laster jakingo da asteburu honetan Espainiako Lehen Mailako 30. jardunaldia jokatuko den edo ez. Purificacion Pujol Madrilgo Lehen Instantziako 63. Epaitegiko epaileak emango du erabakiaren berri. Hark askatuko du azken hilabete eta erdian korapilatzen eta korapilatzen joan den haria. Horretarako, gaur 10:00etan bilduko da asteburu honetan greba egitearen aldekoekin eta kontrakoekin. Bi aldeak argi daude: batetik, LFP Espainiako Liga Profesionaleko ordezkariak; eta, bestetik, elkarte horretako sei klub, guztiak Lehen Mailakoak: Athletic, Reala, Espanyol, Vila-real, Sevilla eta Zaragoza.

Auziak otsailaren 11n du abiapuntua. Egun horretan LFPko batzarrak honako hau erabaki zuen: jardunaldiko derrigorrean ordaindu gabeko partida bat telebistaz eman behar dela dioen legea bertan behera utzi ezean apirilaren 2an eta 3an ez dela jardunaldirik jokatuko Lehen Mailan. LFPren arabera, galera handia eragiten dio jardunaldiko partida bat erosteko aukera ez eskaintzeak, 200 milioi euro inguru urtean. Dirutza da, eta LFP ez dago prest diru sarrera horri uko egiteko, are gutxiago klubek dituzten zorrak kontuan hartuta —4.000 milioi eurotik gora; horietatik 700 inguru, Ogasunarekin— .

Doako futbolaren aurka

Gatazkaren muina Kirol Lehiaketa eta Gertaeren Emisio eta Emanaldien Lege Arautzailean dago. Futbolaren Legea deritzona 1997an onartu zuten. Francisco Alvarez Cascos orduko Espainiako lehendakariordeak bultzatutako lege bat izan zen. Lege horrek behartu egiten du jardunaldi bakoitzeko telebistan ordaindu gabeko partida bat ematera. Legea hasieratik izan zen eztabaida iturri, eta ia hamalau urte geroago ere horrela da. LFP saiatu da legea aldatzen, baina ez du lortu, eta ez dirudi orain ere lortuko duenik. «Ez dago legea aldatzeko asmorik. Ez dago agendan. Ez dago premiarik», esan du Espainiako Gobernuak. LFPk, halere, bereari eusten dio, eta prest da azkenera arte iristeko, hots, lehiaketa gelditzeraino.

Baina ez da ordaindu gabeko futbola LFPk kendu nahi duen gauza bakarra. Partiden laburpenak ere jomuga ditu. LFPk laburpen laburragoak nahi ditu telebistan, beti albistegietan, gehienez minutu eta erdikoak, eta 24 orduko iraungitzearekin. Hori bai, prest dago ordain baten truke saio horiei partidetako irudiak saltzeko. Horrez gain, aztertzen ari da irratiei diru sari bat eskatzea partidak emateagatik. Azkenik, apustuetatik ere diru gehiago jaso nahi du, edo gutxienez urtero diru kopuru zehatz bat bermatuta eduki.

LFPko klub guztiak daude ados eskaerekin. Ez, ordea, eskaera horiek lortzeko erabili beharreko metodoekin. Hala, Lehen Mailako sei taldek ez dute grebarik egin nahi: Athleticek, Realak, Espanyolek, Vila-realek, Sevillak eta Zaragozak. Sei taldeok jokatu egin nahi dute asteburuan, eta orduak zehazteko eskatu dute jadanik. Ez da sei talde horiek LFPko gehiengoaren kontra dauden lehen aldia. Telebista eskubideen banaketa berriaren aurkako botoa ere eman zuten. Argi dute greba eginez gero lehiaketaren ospeak kolpe latza jasoko lukeela.

Ospea gorabehera, grebak hankaz gora jarriko luke egutegia. Hasteko, lehiaketa hiru aste geroago amaituko litzateke —maiatzaren 22an zen amaitzekoa, eta ekainaren 12an amaituko litzateke—, tartean Europako eta Txapeldunen Ligako finalak jokatuko baitira —maiatzaren 18an eta 28an— eta Espainiako selekzioak AEBetan bira bat egingo baitu—ekainaren 3tik 7ra—. Tarte horretan, gainera, ez lirateke Ligako partidak jokatuko. Hori gutxi balitz bezala, asteburu honetan jokatu beharreko partidak jokatuko liratekeelako azken jardunaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.