Gaur erabaki daiteke

Azken jardunaldia arte zain egon gabe, Santanderren partida irabazi eta laugarren postua ziurtatu nahi dute gaur gorritxoek

2006ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Liga bukatzeko geratzen diren azken bi jardunaldietan puntu bakar bat lortzen ez badu ere, Osasunak abuztuan Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera dezente ditu, atzetik gertuen dituenek, Celtak eta Sevillak, jokoan geratzen zaizkien puntu guztiak lortu behar baitituzte Osasuna harrapatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, Osasunak ez du besteen emaitzei begira egon nahi, eta laugarren postua ziurtatzeko hiru puntu nahiko dituenez, Racingen aurkako norgehiagoka irabazi eta ospakizunak aurreratu egin nahi dituzte Javier Aguirreren mutilek. Racingek ere asko dauka jokoan mailari eusteko borrokan, baina azken jardunaldiaren zain geratu ordez, gorritxoek gaur bertan utzi nahi dute erabakita Txapeldunen Ligarako txartela. «Ezin dugu zain geratu, erabakita utzi ahal badugu, askoz hobeto. Eta azken jardunaldian festa izan dadila Sadarren, Valentziaren aurkako lehian», esan zuen atzo Javier Aguirrek. Helburua zein den argi dago.

Real Madrilen aurka galdu ostean, Racing ere irabaztera derrigortuta dago, nolanahi ere. Santanderkoek maila galtzeko arrisku handia dute. Nando Iosuk zuzendutako taldea jaitsiera postuetatik at dago une honetan, baina hemezortzigarren postuan den Alavesek baino puntu bat gehiago besterik ez dute Racingekoek. Eta Osasunaren aurka, hil edo bizi ariko dira zalantzarik gabe: «Bizia du jokoan Racingek, eta ez dut uste ostegunean telebistaz Real Madrilen aurka ikusi nuen taldearen antz askorik izango duenik. Talde oldarkorragoa espero dut, garaipenak soilik balio baitie», onartu zuen atzo Javier Aguirrek. Hala eta guztiz ere, «Osasunarentzat ere oso partida garrantzitsua da», mexikarraren esanetan. «Bigarren postua lortzea oso zail daukagu, baina laugarren postua ziurtatu eta Txapeldunen Liga lotzeko aukera dugu Santanderren», jarraitu zuen gorritxoen arduradunak.Estatistikek baikor izatera behartzen dute osasunazalea, gainera: etxean garaipen gutxien lortu duen taldea da Racing, Cadizekin eta Malagarekin batera (El Sardineron jokatutako 18 partidetatik hiru irabazi dituzte Santanderkoek, eta Malaga azken sailkatuak soilik lortu du Racingek baino puntu gutxiago bere zaleen aurrean). Eta Bartzelona txapeldunaren ondotik etxetik at garaipen gehien lortu duen taldeetako bat da Osasuna, Real Madril, Valentzia eta Deportivorekin berdinduta (17 partidatatik hamar irabazi ditu Bartzelonak, eta bederatzi beste lau taldeek, 18 lehiatan). «Estatistikei begira hasten bagara, akabo!», esan zuen atzo Javier Aguirrek, ordea.Entrenatzaile mexikarrak ez zuen argitu Santanderren zein hamaikako zelairatuko duen.Deialdian 19 gizon sartzeko arrazoietako bat, ordea, nekea izan daiteke.

KIKE CORRALES -OSASUNAKO JOKALARIA

«Zaila da, baina txapeldunorde izateko aukera badugu oraindik»



A. LEGARDA-EREÑO- IRUÑEA

Rafa Claverok Vicente Calderonen ikusitako txartel gorriak hasierako hamaikakoaren ateak zabaldu dizkio Corralesi. Ezker hegaleko atzelari andaluziarra baikor dago, eta Racingi irabazi eta Txapeldunen Ligarako txartela ziurtatuko dutela uste du.

Hamaikakoa ez du ezagutarazi Aguirrek, baina zuk tokia izango duzula argi dago. Berarekin hitz egiten ere ikusi zaitugu entrenamendu amaieran. Zer esan dizu?

Entrenatzailearena da azken erabakia, eta nirekin hizketan aritu den arren, ez dit ziurtatu jokatuko dudala. Hamaikakoa ikusi arte ez dago ezer jakiterik, baina gogotsu nago ni, noski, partida garrantzitsua da eta.

Gaur egin daitekeena biharko ez uztea gomendatzen du esaera zaharrak.

Eta arrazoi galanta du esaera horrek. Ezin gara geratu atzetik datozen taldeen hutsegiteen zain, eta azken unea arte emozioari eustea ere ez dugu nahi. Santanderren irabaziz gero laugarren postua ziurtatuta dugula badakigu, eta hori izango da helburua.

Real Madrilen aurka galdu ostean Racing ere puntu premia larrian da.

Bai, badakigu ez dela erraza izango. Hil edo biziko partida dute eurek, eta badakigu hiru puntuak lortzeko, ondo jokatzeaz gain, asko borrokatu beharko dugula.

Txapeldunorde izateko aukera ahaztuta duzue jada, ezta?

Ez, ez , ez, aukera dagoen bitartean ezin da ezer baztertu. Real Madril lau puntura dugu une honetan, eta badakigu bi partidatan lau puntuko aldea jatea oso zaila dela. Hala eta guztiz ere, Santanderren irabaziz gero, sailkapena nola geratzen den ikusi beharko dugu. Amaieraraino emozioari eusterik ez genuela nahi esan dut, baina bigarren postua lortzeko lehiaren emozioa gustura hartuko genuke.

Nekearen beldur da Aguirre. Fisikoki ondo al zaude zu?

Azken lehiak ez ditut jokatu, eta zelaira itzultzeko prest nago. Nekerik eta arazo fisikorik ez dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.