Gaur hasi da dotorezia eta perfekzioa oinarri dituen olinpiar jokoetako kirol zailenetako baten lehiaketa: gimnastika erritmikoa (13:00). Uztaiarekin eta pilotarekin ariko dira gaur Wembley Arena estadioan, eta mazoekin eta zintarekin bihar. Buruz buruko finala larunbatean da (14:30), eta taldekakoa, igandean (14:30).
Gimnastika erritmikoa olinpiar kirola da 1984. urtetik. Herrialdeetako 130 federazio ditu gaur egun. 96 gimnasta ariko dira Londresen, eta buruz burukorako 24rentzat dago tokia —herrialde bakoitzetik, gehienera jota, bi gimnasta—. Lau ariketatan aritu ondoren, hamar onenak finalean sartzen dira, eta ariketa berbera egiten dute.
Aurten lehen aldiz, epaileak neutralak izango dira. Ez da parte hartuko duten gimnasten herrialde bereko epailerik egongo. Orain arte ez zen horrela izaten, eta polemika handi samarrak sortu izan dira. Gimnastika erritmikoaren gurutzebiderik handienetakoa hori izan da, hain zuzen ere.
Kanaeva errusiarra da gimnastika erritmikoko azken urteotako izarra. 2008tik ez du buruz burukorik galdu. Hiru Munduko Txapelketa irabazi ditu, eta Europako lau. Pekinen urrea lortu zuen, eta Londresen ere huraxe nahi du.