Gaur hasiko da Mendebaldeko finala: Oklahoma City-San Antonio

San Antoniok etxean jokatuko luke zazpigarren dema, Oklahomak baino garaipen gehiago lortu baitzituen ligan

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gaur goizaldean hasiko da NBAn Mendebaldeko Konferentziako finala. Oklahoma City Thunder eta San Antonio Spurs ariko dira elkarren aurka, zazpi partidara, eta Texasko taldeak edukiko du bere alde kantxa faktorea, liga erregularrean Oklahomak baino garaipen gehiago lortu zituelako. Iragana eta etorkizuna ariko dira aurrez aurre. San Antoniok lau eraztun irabazi ditu mende berria hasiz geroztik, eta Oklahomak mundua jateko moduko taldea duela erakutsi du.

San Antoniok hiru izar distiratsu ditu, eskarmentu handikoak: Tony Parker, Manu Ginobili eta Tim Duncan. Alboan, garaipen gosea duten gazte telentudun dezente: Danny Green, Kawhi Leonard, Tiago Splitter, Gary Neal... Denboraldia martxan zela, bi fitxaketa garrantzitsu egin zituzten, Stephen Jackson eta Boris Diaw, eta ondo koipeztutako makina baten pare ari dira, 100 puntuko langa aise gaindituz, eta defentsa zorrotzenak alferreko eginez.

Kantxaren bestaldean, gazteen ausardia: Kevin Durant, Russell Westbrook, James Harden, Serge Ibaka... Final bizia, dinamikoa espero da, bi taldeek erasoan puntu asko sartzeko joera baitute. San Antoniok hankapean ibili ditu Utah eta Los Angeles Clippers, 4-0 irabazi baitie. Oklahomak, aldiz, hiru partida galdu ditu. Dallasen aurka bat, eta Lakersen aurka bi. Garaileak Miami eta Boston eta Philadelphiaren arteko garailearen aurka neurtuko ditu indarrak final handian. Bart goizaldean jokatu da Bostonen, partida erabakigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.