Gaur hasiko da Munduko Txapelketa, taldekako probekin

Hamabi lasterketa jokatuko dira hurrengo igandera bitartean, eta hamasei euskal ziklista ariko dira lehian

unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Inoiz baino luzeagoa eta bereziagoa izango da aurtengo Munduko Txapelketa. Luzeagoa, gaur hasi eta hurrengo igandean amaituko delako, zortzi lehiaketa egunen ondoren. Eta bereziagoa, ohiko probez gain gizonezkoen eta emakumezkoen taldekako erlojupekoak ere izango direlako aurten Limburgen (Herbehereak). Gaur jokatuko dira bi proba berezi horiek; emakumezkoen taldekakoa izango da 11:00etan (34,2 km), eta gizonezkoena 13:30ean (53,2 km). Hamar euskal txirrindulari egongo dira tartean: Gorka Verdugo, Mikel Astarloza, Romain Sicard, Miguel Minguez, Gorka Izagirre eta Ion Izagirre (Euskaltel-Euskadi), Jonathan Castroviejo (Movistar), Haimar Zubeldia (RadioShack), Egoitz Garcia (Cofidis) eta Javier Aramendia (Caja Rural).

Proba nagusietan lehenengoa etzi jokatuko da, emakumezkoen erlojupekoa (24,3 km), Eneritz Iturriagaetxebarria tartean dela. Biharamunean ariko dira gizonezkoak; Jonathan Castroviejo izango da euskal kirolari bakarra (45,7 km). Larunbatean jokatuko da emakumezkoen errepideko proba —Eneritz Iturriagaetxebarria eta Ane Santesteban elite mailan ariko dira, eta Irene San Sebastian, 23 urtez azpikoan—. 129 kilometrokoa da proba (zortzi itzuli), eta Bemelerberg eta Cauberg igo beharko dituzte tartean. Aukeran, gogorregia da bientzat. Igandean, berriz, gizonezkoen txanda izango da (267 km). Hor ere Castroviejo izango da euskal txirrindulari bakarra; tartean izango da Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko txirrindularia ere.

Gainerako proben artean, Omar Fraileren txanda izango da bihar, gizonezkoen 23 urtez azpiko erlojupeko proban (36 km). Etzi, Lourdes Oiarbide ariko da lehian, junior mailako erlojupekoan (15,6 km). Ostiralean, berriz, Oiarbide bera eta Eider Merino ariko dira junior mailako errepideko proban (65 km). Gizonezkoei dagokienez, gaur Beasainen jokatuko den probaren ondoren jakinaraziko diote Iker Azkarateri ea igandean junior mailako errepideko proban ariko den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.