Aspaldi hasi zen lur harrotuaren tenis denboraldia, baina gaurtik aurrera benetako ordua iritsi da, Roland Garros hasiko baita, lur harrotuko torneo nagusia, eta sasoiko bigarren grand slam torneoa. Eta lur harrotua iristen denean jokalari bat nabarmentzen da guztien gainetik: Rafa Nadal. Balearrak sei aldiz irabazi du Roland Garros, 2005etik 2009koa ez beste ekitaldi guztiak. Bera da berriz ere faborito nagusia, onena delako lur harrotuan eta sasoi betean dagoelako: Monte-Carloko eta Erromako torneoak irabazi berri ditu. Novak Djokovic, Roger Federer eta Andy Murray izango dira beste behin haren aurkari nagusiak; baina, itxuraz, hura baino koska bat beherago daude.
Emakumezkoetan, berriz, parekotasun handia dago, eta hautagai zerrenda luzea: Victoria Azarenka, Maria Xarapova, Serena Williams, Li Na, Petra Kvitova eta Samantha Stosur, besteak beste.
Lara Arruabarrena, lehian
Parisen izango da euskal ordezkaririk: Lara Arruabarrena. Tolosako (Gipuzkoa) tenislaria lehen aldiz ariko da Roland Garrosen, atarikoa gainditu ostean. Hain zuzen ere, azken atarikoan Garbiñe Muguruza euskal jatorriko tenislariari irabazi zion —venezuelarra da jaiotzez Muguruza, baina aita Euskal Herrikoa du—. 6-0 eta 7-6 nagusitu zitzaion Arruabarrena Muguruzari. 20 urteko jokalariak Ana Ivanovic serbiarraren aurka jokatuko du gaur.
Gaur hasiko da Roland Garros, sasoiko bigarren grand slam torneoa
Nadalek zazpigarren aldiz irabazi nahi du Parisko lur harrotuan; emakumezkoetan, ez dago faborito argirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu