Gaur hasiko da Sei Nazioen Torneoa, Frantzia-Italia partidarekin

Eskozia Ingalaterraren aurka ariko da, 18:00etan, eta partida erakargarria izanen da, kirol lehiaz haratagokoa

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Bi lehia interesgarrirekin hasiko da 2012ko Sei Nazioen Torneoa, gaur. Lehen partidan, Frantziak faborito dela berretsi beharko du, Italiari irabazita (15:30, France 2). Iragan sasoiko torneoan, Italiak sekulako kolpea eman zuen: lehen aldiz Frantziari irabazi zion. Porrot horrek hautsak harrotu zituen Frantziako selekzioan, eta gaurko norgehiagoka Italiari ordaina emateko parada izanen da Frantziarentzat.

Bi selekzioek hautatzaile berria estreinatuko dute. Oilarraren selekzioaren buru Philippe Saint Andre izanen da. Haren ondoan, gibelekoen jokoa zuzentzeko, Patrice Lagisquet Miarritzeko entrenatzailea ariko da. Italian, berriz, Jacques Brunel Frantziako selekzioko aitzinekoen eta Perpinyakoen entrenatzaile ohia izanen da hautatzailea.

Ikusteko dago nolakoa izanen den hautatzaile berrien ekarpena: «Jokalarien artean komunikazioa hobetzea da Saint Andreren helburua», dio Thiery Dusautoir Frantziako kapitainak. «Mallettek bereziki zaintzen zuen defentsa. Brunelek, berriz, erasoaren alde egin nahi du», zehaztu du, bestalde, Edoardo Gori Italiako uztartze erdiak. Berritasunak berritasun, Frantzia izanen da faborito. Etxean jokatuko du, eta sasoi honetan oso egutegi ona dauka. Etxean Italia, Irlanda eta Ingalaterraren aurka ariko da. Hala ere, Cardiffen Galesen aurka jokatu beharreko azken jardunaldia erabakigarria izanen da.

Eskoziaren aukera ona

Gaurko bigarren partidan, Eskoziak bere etsai historikoaren aurka jokatuko du, Murrayfielden: Ingalaterraren aurka (18:00, France 2). Ingalaterrako selekzioa hankaz gora dago Zeelanda Berriko Munduko Kopa pasatu eta gero. Taldearen maila eta jokalarien jarrera eskasak izan ziren, eta garbiketa handia egin nahi du arrosaren hamabostekoak. Stuart Lancaster behin-behineko hautatzailearekin eta Robshaw kapitainarekin hasiko du torneoa. Eskoziak pisu historiko eta politiko handia duen garaipen bat lortu nahi du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.