Txapeldunen Liga berriz jarriko da abian gaur, bi hilabete pasatxoko etenaldia izan eta gero. Lehen ligaxkak egin zuen bere lana, galbahe lana. Eta, ligaxkan aritu ziren 32 taldeetatik, erdia geratzen da lehian. Kopuru horrek behera egingo du astez aste, maiatzaren 28an Londresko Wembley estadio berrian izango den finalera iritsi arte. Egun horretan bi talde bakarrik izango dira finalean. Bakarrak altxatuko du, halere, kopa.
Milan-Tottenham eta Valentzia-Schalke 04; horiexek dira final-zortzirenetako lehen joaneko partidak. Gaur jokatuko dituzte. Bi kanporaketok antz handia dute, faboritorik gabekoak baitira. Milanen eta Tottenhamen artekoari dagokionez, bi taldeek kontrako bidea daramate: italiarrak hobeto ari dira etxean —lider dira—, Txapeldunen Ligan baino —sufrituta pasatu ziren—. Ingelesak, berriz, txukun ari dira Ligan —laugarren dira—, baina Txapeldunen Ligan egin dute oraingoz lanik onena, lehen ligaxkan Inter Milanen aurretik sailkatuta. Gaur jokalari garrantzitsuak izango dituzte faltan: Pirlo eta Kevin Price Boateng Milanek, eta Gareth Bale Tottenhamek.
Valentziak eta Schalkek ez dute horrelako arazorik. Matak arazo fisikoak ditu, baina, okerrik ezean, Unai Emeryk hasieratik zelairatuko du. Bi taldeok bitan jokatu dute elkarren aurka, eta bietan berdindu egin zuten.
Gaur hasiko dituzte Txapeldunen Ligako final-zortzirenak
Milan-Tottenham eta Valentzia-Schalke 04 izango dira lehen kanporaketako estreinako partidak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu