San Miguel ligako bi estropada garrantzitsuenak gaur eta bihar jokatuko dituzte. Zarauzkoa da nagusia lehiaketa horretan. Bi egunetan banatuko dira puntuak ligarako, eta bandera irabazteko, gaurko eta biharko denborak hartuko dira kontuan.
Maite dute arraunlariek asteburu hau. Ez da beste edozein bezalakoa. Historian tarte berezia dauka Zarauzko estropadak. Horren adierazgarri da egun hauetan hainbat talde ibili izana eremuan bertan entrenatzen, estropada prestatzeko. Garrantzi berezia dauka. Gainera, ligaren amaiera aldera dago jarrita, eta gauzak nola dauden ikusita, handia da ikusmina.
Liga irabazteko borroka estu dago. Kaikuk Hondarribiari bi puntu baino ez dizkio ateratzen, eta, gaurkoarekin, sei estropada baino ez dira falta lehiaketa amaitzeko. Edozer gerta daiteke, nahiz eta bizkaitarrek izan faborito izaera. Baina gipuzkoarrek erakutsi dute indartsuena menderatzeko gaitasun berezia dutela. Gainera, eremu hori gustukoa dute, nahiz eta itsasoaren mugimendurik apenas espero den. Okerrik ezean, Hondarribiak berea egingo du, eta Kaikuk erregulartasuna aurkitu beharko du berriz; ezin du joan zen asteburukoa egin: larunbatean kale eta igandean bandera irabazi. Azken txandan joango dira biak, Urdaibai eta Tiran alboan dituztela.
Bigarren txandak, azken asteetan bezala, Pasaiako bi ontzien lehia jarriko du uretan: San Pedro edo San Juan. Joan zen asteburuan, irauli egin zuen sailkapena San Pedrok, eta aurrea hartu dio bizilagunari. Orduan baino itxura hobea eman behar luke gaur San Juanek, ez baitute alferrik propio prestatu asteburu honetako lana. Castrok eta Portugaletek osatuko dute laukotea.
Estropadari ekingo dion txandan (18:30), jaitsierako kanporaketari ihes egiteko borrokak segituko du. Zumaia larri dago, joan zen asteburuan kolpea eman baitzioten Pedreñak eta Astillerok. Azken aukeretako bat dute gipuzkoarrek gaur.
Euskotren liga erabakiko da
Gaur eta bihar, Euskotren ligako azkeneko bi estropadak ere izango dira Zarautzen. Estu daude kontuak, Zumaiak puntu alea bakarrik ateratzen diolako Galiziari. Joan zen igandean, Zumaian bertan, galiziarrak sartu ziren aurretik, segundo bategatik. Liga nola joan den ikusita, aldeak txikiak izango dira, eta ikusgarria izango da lehia. Gaur dute lehen dema (18:00).
Gaur jokatuko da lehen saioa Zarauzko estropadetan
San Miguel ligarako puntuagarria izango da, eta bandera irabazteko, gaurko eta biharko denborek balioko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu