Gaur lotu dezake Top 16a Caja Laboralek, Olympiacos garaituta

Premia handiagoa dute greziarrek, Baskoniak baino garaipen bat gutxiago baitute; prest dago Golubovic

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ez dago kontu askorik egin beharrik. Garaipenarekin, ia ziurtzat jo daiteke Top 16rako txartela, eta bigarren sari bat lortzeko aukera ere emango dio Caja Laborali: A multzoko lidergoa. Aurrena, ordea, garaipena lortu behar da, eta ez da lan erraza izango, Olympiacosen aurka ariko baita Grezian. Greziarrek Baskoniak baino garaipen premia handiagoa dutela jokatuko dute, hiru garaipen bakarrik baitituzte (Baskoniak baino bat gutxiago). Gasteizen azken segundoan erabaki zen partida, Prigionik lehia bukatzear zegoela sartutako biko bati esker, eta ez dirudi bi puntuko alde horrek garrantzia handirik izanen duenik ligatxoa bukatzerakoan.

Olympiacos ez dabil beraiek nahi bezain fin, baina lehengaia badute Baskonia estutasunean jartzeko. Spanoulis Europa osoko eskolta onenetakoa da, eta ardura hartu behar duenean batere beldurrik ez duela erakutsi du Euroliga honetan. Ivkovicen taldeak muturreko handi samarra hartu zuen pasa den astean Istanbulen, Fenerbahceren aurka 15 puntugatik galduta, eta jakin badakite gaur galduz gero ia ezinezko edukiko dutela Top 16a. Atenasko taldean kili-kolo dabil fisikoki Lazaros Papadopoulos handia, eta arabarren interesei begira, komeni ez jokatzea, Gasteizko partidan hankapean ibili baitzituen Seraphin eta Dorsey.

Baskoniari dagokionez, minutu batzuk jokatzeko prest dago fitxaketa berria, Vladimir Golubovic. Taldea ezagutzen du, Dusko Ivanovic ere bai, eta dinamikan sartzeko aste pare bat beharko baditu ere, bere gorputza erabili beharko du Kevin Seraphinen agurrak eta Milko Bjelicaren lesioak eragindako zuloa estaltzeko. Seraphin bezala, Goran Dragic ere AEBetara bidean da dagoeneko, eta Pau Ribasek eta Brad Olesonek hartu beharko dute kanpoko lerrotik saskiratzeko erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.