Gaurkoa ez da lagunartekoa

Athletic Valladoliden ariko da gaur; galduz gero, jaitsiera postuetan sartuko dira zuri-gorriak

haritz gallastegi
2007ko urriaren 21a
00:00
Entzun


Athletic Valladolidenariko da gaur; galduz gero, jaitsiera postuetansartuko dira zuri-gorriak
Haritz gallastegi

Bilbo

Jaisteko postu bat dago jokoan Valladolidek eta Athleticek Zorrillan gaur jokatuko duten norgehiagokan. Zorionez, Ligako zortzigarren jardunaldia besterik ez da. Dagoeneko zortzigarrena dela pentsatzen duenik ere bada, ordea. Asko dira, gainera. Espainiako Ligako lehen laurdena betetzear baitago.

Ez da finala, ez. Ez da hil edo biziko neurketa, ez. Baina azken emaitza oso garrantzitsua izango da, onerako zein txarrerako. Irabaziz gero, ezkortasuna baikortasun bilakatuko da. Bide batez, osteguneko Athleticeko bazkide konpromisarioen batzarra lasaiagoa izango da. Berdinketa ere ez da txarra izango. Jardunaldia amaitzean jaaitsiera postuetatik kanpo egoteak «lasaitasuna» ematen baitu. Nahitaez. Baina Athleticek galtzen badu, ez da giro egongo, zuzendariak, entrenatzaileak eta jokalariak azken bi asteetan transmititzen ahalegindu diren lasaitasuna defendatzea ezinezkoa izango delako. Orain ere ez daude lasai eta astelehenetik aurrera ezin izango dute orain arte gorde dutena ezkutatu.

Athleticek oztopoak besterik ez ditu aurkituko Zorrillan. Batetik, futbol zelaia bera. Euskal taldeek sekula ez dute eroso jokatu Valladoliden. Giroa hotza da. Harmailetan egoten diren zaleak ere motibatuta egoten dira. Jokalariak ere bai, nola ez. Denboraldion sekula baino gogo handiagoz egongo dira, gainera. Jose Luis Mendilibar, besteak beste. Zaldibarko entrenatzaileak gogo handia izango du Athleticen aurka lan ona egiteko. Talde zuri-gorriak, gustuko duen taldeak, eman zion Lehen Mailan entrenatzeko aukera. Halere, ez du oroitzapen onik. Memento txarrean eman zioten aukera: zaleek gogoan zuten Ernesto Valverdek egindako lan ona, Fernando Lamikiz presidentearen kontrako kritikak gero eta nabarmenagoak ziren, eta jokalariek ere ez omen zioten asko lagundu. Ez zuten Mendilibarren lan egiteko eran sinesten. «Ni nintzen behetik zetorrena. Nikerakutsi behar nuen zer egiteko gai nintzen». Ez zioten bere maila erakusteko denborarik eman. Valladolideko agintariek bestelako pazientzia izan dute. Horri eskerrak, ikusgarri aritu zen joan zen denboraldian.

Sasoi honetan, berriz, zailtasun gehiago ditu puntuak irabazteko, Lehen Mailak ez daukalako zerikusirik Bigarren Mailarekin. Askoz ere kalitate handiagoa dago. Beraz, ez da nahikoa talde lan ona egitea. Aukera dagoenean asmatu egin behar da, aprobetxatu ezean kontrarioak ez baitu barkatzen.



ALDAKETAK HAMAIKAKOAN. Athleticek ere bere aukera aprobetxatu gura du. «Partidaren kontrola ez du baloia gehien duenak izaten, arrisku gehien sortzen duenak baizik», esan zuen Joseba Etxeberriak atzo. Beraz, ez dago asko hausnartu beharrik. Athleticek kontraerasoa baliatu gura du Valladolid mendean hartzeko. Berdin zaio aurkariak zelai erdian presio handia egin eta baloia berreskuratzea. Baloia duenean zuzen jokatzen ahaleginduko da. Etxeberria izango da, hain zuzen ere, kontraerasoak amaitzeko arduraduna. Adurizek erasoan izango duen bosgarren bikotekidea izango da. Liga ondo hasi du eta Joaquin Caparrosek aprobetxatu egin gura du. Aritz Adurizekin ondo konponduko da.

Ez da entrenatzaileak egingo duen aldaketa bakarra. Lerro guztietan egongo baitira nobedadeak. Ezker hegala goitik behera aldatuko du. Atzean Koikilik jokatuko du, Del Hornoren partez. Otxandioko ezkerrak ez du lan samurra izango. Izan ere, Valladolideko jokalaririk arriskutsuenetarikoa zaintzeko ardura izango baitu: Sisi azkarra, hain zuzen ere. Beharbada Koikiliri laguntzeko edota orain arte ezkerrean jokatu duten erdilariek maila ona eman ez dutelako, beste aukera bat izango du Gabilondok. Hasiera batean beste futbolari batzuen alde egin zuen Caparrosek, baina añorgatarrari ere ailegatu zaio jokatzeko aukera.

Eskuin hegalean ere ez dira berritasunak faltako. Zale askok luzaroan itxaron duten unea ailegatu daiteke. Iban Zubiaurre hasieratik ikusteko aukera izango duten eguna, alegia. Mendarokoak, beharbada, hasieratik jokatuko du lehen aldiz. Milanen aurkako lagunartekoan egindako lan onaren saria izan daiteke. Haren aurretik, Iraolak edo David Lopezek jokatuko dute. Hamaika jokalari eta 3.000 zale inguru egongo dira Zorrillan Athletic babesten. Ikaragarria. Berez, ez da seinale ona aldaketak egitea. Halere, Caparrosek bere aurretik egon zirenek baino aukera gehiago duela erakuts dezake horrenbeste aldaketa egiteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.