Gaurkoak baino ez du axola

Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko dute gaur, Bilbon, Bizkaia frontoian (17:00, ETB1). Amezketarrak zortzigarren finala du jarraian; zenoztarrak, lehena.

JOKIN ALTUNA-PEIO ETXEBERRIA.
Jokin Altuna eta Peio Etxeberria, joan den ostegunean, Bizkaia frontoian eginiko pilota aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Bata, inoiz ez bezala sufrituz; bestea, ordea, inoiz ez bezala gozatuz. Horrela ailegatu dira Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) eta Peio Etxeberria (Zenotz, Nafarroa, 1998) Lau eta Erdiko Txapelketako finalera. Baina bost axola horrek guztiak gaur. Arratsaldeko seietatik aurrera Bilboko Bizkaia frontoian gertatzen denak bakarrik du garrantzia. Aurretik ondo edo gaizki aritu izanak ez, egun erabakigarrian eta toki jakinean ondo aritzeak zehaztuko du nork irabaziko duen txapela. Ez dago besterik. Halaxe dio kirol legeak.

Hauxe ere badio: palmaresak ez duela partidarik irabazten. Bestela, Altuna III.ak seguru luke txapela. Amezketarrak Lehen Mailako hamahirugarren finala jokatuko du; bere adineko inork baino gehiago: 27 urte ditu. Sei txapel irabazi ditu: hiru lau eta erdikoan, bi buruz buru, eta bat binaka. Hiru modalitateetan txapeldun izan diren zortzi pilotarietako bat da. Zortzigarrenez ariko da lau eta erdiko finalean, Patxi Eugi, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo bezala. Baina hark lehenago egin du, eta ikusgarriagoa dena: bata bestearen atzetik jokatuko ditu zortzi finalak.

Horrelako datu ikaragarriek txiki-txiki uzten dute edozer eta edonor; adibidez, Peio Etxeberria bera. Hark aurreneko finala du Lehen Mailan. Eskarmentuak zeresana izan dezake, baina ez da inolaz ere erabakigarria. Aitor Elordik aurten binakakoan eta buruz burukoan egindakoa da horren adibiderik argiena: aurreneko bi finalak zituen maila nagusian, eta biak irabazi zituen.

Ez dute ezertarako balio aurretik elkarren kontra jokatutako partidek ere. Peio Etxeberriarentzat litzateke txapela horiek aintzat hartuz gero. Bost aldiz neurtu dituzte indarrak lau eta erdikoan, eta hark hirutan irabazi du, elkarren aurka jokatutako azkeneko hiruretan, hain zuzen: 2021ean, final-laurdenetako ligaxkan irabazi zion; eta iaz, berriro ligaxkan, eta sanferminetako torneoko final-laurdenetan. «Nik ez ditut erreferentzia moduan hartzen partida horiek. Igandekoak, gainera, ez du inolako antzik elkarren aurka jokatutako guztiekin: final bat da», azaldu du Peio Etxeberriak. Iritzi bera dauka Altuna III.ak, baina haren ustez, aurrekari horiek Peio Etxeberriari balio diote «bere burua konbentzitzeko» aukera duela hari irabazteko.

Zerbaitek erabaki badezake finala, bakoitzaren sasoiak erabaki dezake. Aldea dago horretan. Altuna III.ak denbora darama ezker sorbaldako minez. Horrek bete-betean aritzea eragotzi dio. Inoiz ez bezala sufritu du finalera iristeko. Erik Jaka haren bolada zapuztear egon zen, baina, kinka larrian zegoela, suspertu egin zen. Horrek agerian uzten du sasoiz eta jokoz bete-betean egon gabe ere kontrario gogorra dela, eta izugarri zaila dela hura menderatzea. Baita Peio Etxeberriarentzat ere, inoizko sasoi eta joko onena duen arren.

Gaurkoak bakarrik axola baitu: sakearekin min egiteak, ondo errestatzeak, opari gutxi egiteak, hauspoari eusteak, burua hotz izateak, bolada onak aprobetxatzeak eta txarretan sufritzen jakiteak: horrek guztiak erabakiko du nork jantziko duen txapela.

GAKOAK

  1. Tentsioa. Finalek ez dute antzik beste partidekin, tentsioak gainezka egiten baitu. Altuna III.ak Peio Etxeberriak baino eskarmentu handiagoa du, baina horrek ez du ezer ziurtatzen

  2. Finalisten sasoia. Altuna III.ak denbora darama ezker sorbaldako minez, eta horrek ez dio utzi bete-betean aritzen. Hala ere, aurkari gogorra da. Peio Etxeberria sasoi betean ari da aspalditik.

  3. Sakea eta errestoa. Sakearekin eta errestoarekin asmatzen duenak asko izango du irabazia. Altuna III.a saiatuko da piloteoa egon dadin; Peio Etxeberriak, ordea, azkarrago amaitu nahiko du tantoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.