Jagoba Arrasatek gau gazi-gozoa izan zuen. Zer gehiago egin behar du bere taldeak etxean irabazteko? Hiru partida jokatu zaleen aurrean eta hirurak berdindu ditu. Hemerotekak dio ez duela porrotik jaso Sadarren jokaturiko azken 28 partidetan. Harro egoteko moduko datua da, baina atzo irabaztea merezi zuen. Gorritxoak Betis baino askoz gehiago izan ziren, gainetik pasa zitzaizkion, eta gol aukera pila bat izan zituzten. Modu guztietako aukerak, baina ez zuten bakar bat ere baliatu. Gol falta izan daiteke talde honen bekatua Lehen Mailan, eta hori gabezia larria da. Atzokoan, baina, Joel Robles Betiseko atezainarekin egin zuen talka eta hark salbatu zuen bere taldea. Osasunak puntu bakarra eta txalo zaparrada lortu zuen, ez dago gaizki, baina sari txikiegia da eginiko lanarentzat.
Osasunak, izan ere, partidan oso sartuta ekin zion lanari. Lezioa ikasita zuen, eta lehen minututik utzi zion garbi Betisi ez zuela ilunabar gozoa izango. Aurkariak atzetik jokatze hastea gustuko du, eta haren bila joan zen. Hutsak eragitea zen plana, konfiantza higatzea, eta lortu zuen. Dena den, Betis ere gerturatu zen areara, eta bi taldeek izan zituzten aukerak lehen zatian. Kanpokoen aldetik Fekirrek, Pedrazak eta Juanmik susto bana eman zuten, baina ez zuten asmatu. Hala ere, Osasunaren aukerak garbiagoak izan ziren.
Lehen zatiko protagonista, izaren ere, Robles Betisen atezaina izan zen. Meritu handiko geldiketak egin zituen. Betis urduri zen atzean eta Osasunak odola usaindu zuenez, presioa areagotu zuen. Atepean, baina, Robles zegoen, Adrianen ilusioa behin, eta Avilarena, birritan, zapuzteko. Hark izan zuen aukera garbiena (42.min.), Betisek gaizki ateratako falta batean Osasunak kontraeraso ederra muntatu zuenean. Etxeko sei jokalari kanpokoen biren aurka. Avila atezainaren aurrean gelditu zen bakarrik, baina Roblesek Sadarreko zaleen etsipen oihu ozena eragin zuen.
Bidea ezagutzen zuen Osasunak, eta bigarren zatian norabide berean eman zituen pausoak. Hozka egiten jarraitu zuen, eta baloiak lapurtzen. Betiseko erdilariek aurrera adina korrikaldi egin zituzten atzerantz. Avilak izua barreiatu zuen kanpokoen atzeko lerroan. Aurrelariak lan eskerga egin zuen, baloiak berreskuratu eta borrokari esker faltak eraginez. Baina gola falta izan zitzaion. 53. minutuan jaurtiketa bat bidali zuen langara.
Azken ordu erdian Betisek pauso bat eman zuen atzera. Berdinketa ona zela ikusi, eta uzkurtu egin zen. Ez zuen merezi arriskatzeak, eta aldaketekin partida kontrolatzen saiatu zen. Osasunak area ertzera iristen jarraitu zuen, baina nekea sumatzen hasi zen eta aukerak ez ziren hain garbiak izan. Tira, Avilak ez beste guztiek nabaritu zuten nekea, hark borrokan jarraitu zuelako, eta 92.minutuan burukada bat jo zuen area txikian. Gola merezi zuen, baina futbolean jakina da merezi izatea ez dela aski.
Osasuna 0-0 Betis
Gauza bakarra falta izan zaio Osasunari: gola
Gorritxoak Betis baino asko gehiago izan dira, baina Robles atezainarekin egin dute talka, eta merezi baino sari txikiagoa lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu