Zenbat hitz eta pitz erabiltzen dugun ahoan talde baten jokatzeko era azaltzeko. Defentsan lerroak atzeratu dituela, presioa goian egin duela, biak nahasi dituela; erasoan, joko zuzena egiten duela, jokoa landuagoa dela, kontraerasoa baliatzen duela, denetarik pixka bat duela... Eta ezin ahaztu marrazkiak: 4-4-2 dela, 5-3-2 dela... Eta gaurko Uruguai-Ingalaterra ikusi eta gero, gauza txikiek zenbateko eragina duten pentsatzen hasteko aukera ematen digute. Taktika bai, dudarik ez, garrantzitsua da, baina baita gauza txiki horiek ere.
Zergatik irabazi dio Uruguaik Ingalaterrari? Zer dela eta galdu du Ingalaterrak? Taktikoki, bakoitzak bere baliabideak zelairatu ditu. Alde horretatik, ezin izan partida hausteko erabakigarriak izan direnik bataren eta bestearen aukerak. Berdindu samarra izan da partida, nahiz eta Uruguai hobeto moldatu den.
Gauza txikiak. Berdinduta daudenean beste indar guztiak, erabakigarriak bihurtzen dira. Ez bat eta ez bestea nagusitzen hasieran. Gero ere ez. Aukerak gutxi antzean. Biek kale: Cebolla Rodriguezek alde batean, Rooneyk bestean (langak galarazi dio gola; gauza txiki handi bat). Luis Suarez azaldu den arte. Hau ez da gauza txiki handi bat. Izar handi bat da. Jokaldi solte batean, Cavani eta bera ederki konpondu dira. Gutxiago ziren kopuruz jokalari ingelesez inguratuta, baina asmatu dute zuloa aurkitzen. 1-0.
Bigarren zatiaren hasieran, Uruguai nagusi. Bi aukera garbi bi aurrelari zitalek, eta biek kale. Gauza txikien zerrendan sartzeko bi egoera. Jota behar zuen Ingalaterrak asmatu izan balute, baina zutik utzi dute. Eta berdinduta segitu du jokoak. Gauza txikien esperoan. Eta heldu da, azaldu da. 75. minutuan, bakarkako jokaldia hasi du Sturridgek, Johnsonek segida eman dio, eta txiripaz (beste gauza txiki bat) ez dio baloia kendu Uruguaiko atzelariak; bere bidean segitu ahal izan du baloiak, eta area barruko beste aldean Rooney azaldu da. 1-1.
Tentsioa bazter guztietan. Berdinketa ez zen ona inorentzat. Jokoan, antzera biak. Ezin gaina hartu batak besteari. Gauza txikiren baten zain... eta azaldu da berriz. Muslera atezainak luze atera du Cavaniren bila. Gerrardek jo du buruz, baina bere aterantz, eta ordurako aurrea hartua zien Suarezek Ingalaterrako bi atzelariei (Jagielka eta Cahill). Hortik aurrerekoa, izar handiaren indarra eta trebezia izan da: zartako latza sarera. 2-1. Eta hiru puntu gozo Uruguairi. Ingalaterra kaleratzetik oso-oso gertu, beste behin ere. Eta ez da kasualitatea izango gauza txiki handi horiek beti kontra egitea Ingalaterrari. Aldaketa handi-handia behar du. Sakonekoa. Federazioak du ardura.