Penatan egongo da oraindik Edvald Boasson Hagen (Sky). Txinako Harresian bere izena idazteko zorian egon zen norvegiarra, baina azken metroetako aldapan ito zen azkenean. Hirugarren etapa zuen atzo Pekingo Itzuliak, etapa nagusia, baina apenas aldatu zen ezer sailkapen nagusian. 20 laguneko taldetxo bat iritsi zen aurrean Badalingeko helmugara, eta Francesco Gavazzi italiarra (Astana) izan zen azkarrena. 3,5 kilometro falta zirela jo zuen erasoa Boasson Hagenek, Igor Antonen (Euskaltel-Euskadi) atzetik, eta bakar-bakarrik iritsi zen azken 150 metroetara. Baina indarrik gabe geratu zen azkenerako. Tropel nagusi horretan helmugaratu zen Tony Martin liderra (Omega), eta baita Iban Belasko ere (Euskaltel-Euskadi), Samuel Sanchez taldekidearekin batera. Belasko bera da lehen euskalduna sailkapen nagusian, 11. postuan, Martinengandik minutu batera.
Euskaltel-Euskadi saiatu zen etapa garaipena lortzen, baina bidean geratu zen helburua. Mikel Nieve sartu zen lehenengo, ihesaldian, Anton gero, 3,5 kilometro falta zirela, eta Samuel Sanchez azkenik, kilometro eta erdi falta zela. Ezin, ordea. Yanqing eta Changping artean laugarren etapa jokatuko da gaur (165,5 km).
Gavazzi izan da azkarrena Txinako Harresian
Hasi eta bukatu, Euskaltel-Euskadi gogotik saiatu da etapa garaipena lortzen, baina ezinean geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu