Sei urtez Banakako Urrezko Aizkora jokatu ondoren, gaur I. Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketa ETB-Kaiku sari nagusiari ekingo diote 34 aizkolarik. Izen aldaketa izango du txapelketak, baina ez antolatzailearena, Luismari Bengoak segitzen baitu; orain, Egursportekin. Hiru hilabete iraungo du lehiak.
Bi sailetan antolatu dituzte 34 aizkolariak. Hogei, Nagusien Multzoan ariko dira eta hamalau Gazteen Multzoan. Bietan eskailera sistema erabiliko da hasieran. Nagusien Multzoak hiru zati izango ditu. Aurrenekoan lau lerrotan izango dira kanporaketak. Horko lau onenek bigarren zatia jokatuko dute beste lau aizkolarirekin, eta bi onenak azken ligaxkara sartuko dira.Gazteen Mailakoan, hiru lerrotan izango dira kanporaketak, gero finalerdiak eta finala. Halere, bi finalistak Nagusien Multzoko bigarren zatira sartuko dira han lehiatzeko. Hortaz, gazteek ere aukera izango dute Urrezkoen finalera sartzeko. Hasieran 36 aizkolarirekin zen hastekoa lehia, baina hutsuneak dira Beitia eta Ezpeleta Bihurri.
Horregatik, Zeanurin, martxoaren 20an jokatzekoa zen saioa bertan behera geratu da. Han, Beitiak eta Aranberrik zuten jokatzekoa kanporaketa Nagusien Multzoan eta Ugaitz Mugertzak eta Jon Rekondok Gazteen Multzokoa. Hortaz, Aranberri zuzenean sailkatuko da eta Ugartebururen aurka jokatuko du. Ugartebururen esku-hartzea, halere, kolokan dago, neumoniak jota egon baita.
Ugaitz Mugertza gazteena
Gazteei aukera ematea eskertzekoa da. Ugaitz Mugertza mutrikuarra da gazteena. Iazko Gazte Mailako Euskal Herriko txapelduna da. Gipuzkoarrak aitortu du serio hartu duela: «Esanguratsua da esku hartu ahal iztea. Gaztea naiz eta zer edo zer egiteko asmoa dut; horrelakoak baliatu behar ditut. Erakustaldiak baino serioagoa da. Aurreko hilean hasi nintzen prestatzen».
Xabier Mindegia ere ariko da, 2001eko Euskal Herriko txapelduna eta Binakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako txapelduna, Larretxearekin. Arkaitz Iriarte berriz ikusi ahal izango da lehian, iaz ez baitzuen esku hartzerik izan Euskal Herriko II. Mailako kanporaketan; Gazte Mailako Euskal Herriko txapelduna izan zen 1999an. Bestetik, Olaizola, Mikel Erdozia, Joxeantonio Mindegia, Gebara eta Saratxo dira hutsune.Nagusien Multzoan, Arria V.a berriz aizkoran ikusteko aukera izango da, hainbat hilabetez arraunean prestatzen aritu ondoren. Jaunarena, Belarra, Llanos eta Kañamares izango dira hutsune, besteak beste.
AIZKORA. BANAKAKO URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA
Gazte eta heldu, denak lehiara
Gaur hasiko da Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Lemoan, eta 34 aizkolari ariko dira 3 hilez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu