Gazte ez diren 'gazteak'

Arretxe II.ak eta Aritz Lasak gaur hasiko dute buruz buruko txapelketa, Legazpin; ez dago faborito argirik

Iker Arretxe, pilota jotzen, Aritz Lasa begira duela, binakako txapelketako partida batean, Tolosan. JON URBE / ARP.
jon eskudero
Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Geratzen ez den gurpila da pilotaren mundua, eta binakako txapelketa amaitu orduko ekingo zaio buruz burukoari. Iker Arretxek eta Aritz Lasak gaur bertan hasiko dute lehia, Legazpiko pilotalekuan, faborito garbirik gabeko partida batekin. Sasoi beteko bi pilotarik neurtuko dituzte indarrak. Gazteak dira oraindik, bai, baina badute garaia izen handien artean sartzen hasteko. Ez dira hain gazteak ere, beraz. Nafarrak 26 urte ditu; gipuzkoarrak, 28. Biak dira lehiakorrak, arriskutsuak, baina banaka ez dira sekula aritu onenekin. Bada, aurten hori lortzea da bien helburua.

Eta hasiera batean, badirudi aurtengoa baino aukera hoberik gutxitan izango dutela. Izan ere, irabazleak aurrerantzean izango duen bidea ez da beste adar batzuetakoa bezain konplikatua. Zerrenda burua Mikel Idoate da, eta haren aurka jokatzeko Asier Olaizola gainditu beharra dago. Ez dira izen kaskarrak, baina Aritz Lasak zein Arretxe II.ak mendean hartzeko moduko aurkariak dira.

Biak aurrelariak, biak defentsa onekoak, eta biak ezker gantxoa gutxik bezala erabiltzen dutenak. Halakoxekoak dira Luzaidekoa eta Urretxukoa: antzeko ezaugarriak dituzten pilotariak. Sarritan halako kontrarioak izaten dira okerrenak, norberaren tankerako jokoa egiten dutenak. Bada, egoera horri egin beharko diete aurre Arretxe II.ak eta Aritz Lasak.

Tantoa ahal bezain laster amaitzea izango da bien asmoa, horretarako dohainak asko baitauzkate, eta baliteke gakoa sakearen errestoan egotea. Aspekoak sotamano aparta dauka, eta gauza bera eskuin boleaz egiten saiatuko da Asegarcekoa. Ez litzateke harritzekoa izango sake gehiago eramatea airez botez baino. Buruz buruko buruhauste nagusia lehen partida izaten da, baina gaurko bi pilotariak ongi prestatuta iritsiko dira. Izan ere, txapelketan sartzeko, Aritz Begino kanporatu du Arretxe II.ak, eta Joseba Ezkurdia lehenik eta Aitor Zubieta ondoren Aritz Lasak.

Elkarren berri ere ongi dakite nafarrak zein gipuzkoarrak. Iaz elkarren kontra aritu ziren buruz buru, eta Aritz Lasa aise nagusitu zen: 22-16.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.