Oreka bila aritu dira Aspe eta Asegarce, eta aurkitu dutela ematen du. Gazteen ilusioa eta grina gehitu dizkiete bikote klasikoei, eta, ezusterik ezean, ikusgarria izango da ia bost hilabeteko Binakako Txapelketa luzea. Ladis Galarza eta Andoni Aretxabaleta dira berritasun nagusiak, eta txapelketari hasieratik ekingo diote Joseba Ezkurdiak eta Mikel Urrutikoetxeak ere. Titin III.a-Merino II.a, Martinez de Irujo-Barriola, Ezkurdia-Zabaleta eta Xala-Zubieta bikoteak aukeratu ditu Aspek, eta Olaizola II.a-Aretxabaleta, Bengoetxea VI.a-Ladis Galarza, Urrutikoetxea-Beroiz eta Berasaluze II.a-Albisu Asegarcek.
Larunbatean hasiko da txapelketa, Bilbon, bi partidarekin (Xala-Zubieta, Urrutikoetxea-Beroizen aurka, eta Olaizola II.a-Aretxabaleta, Berasaluze II.a-Albisuren aurka), eta zortzi bikoteek bi aldiz jokatuko dute elkarren aurka lehen ligaxkan. Lau bikoterik onenak igaroko dira finalerdietara, eta hiru partidako ligaxka jokatuko dute bertan. Apirilaren 27rako dago iragarrita finala, eta, ondo bidean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da. Iaz bezala, enpresek hala nahi dutenean aldatu ahal izango dute euren enpresako pilotariren bat, pilotarietako bat espero duten maila ematen ari ez denean.