Gazteei esker

Zazpi Iturri eta Irurtzun kadeteetako eta gazteetako partidak irabazita pasatu dira BERRIA Txapelketako finalerdietarako

Erredakzioa
Donostia
2009ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
BERRIA Txapelketak puntako finalerdiak izango ditu. Finaleko atarira iritsi diren lau taldeetatik hiru aurretik txapela jantzitakoak dira, eta laugarrena txapeldunorde izan zen. Lehen finalerdia bihar jokatuko dute, Tolosan (10:30). Aurrera Saiazek, 2004 txapeldunordeak, Zugarralderen, 2005eko txapeldunaren, aurka jokatuko du. Larunbatean, berriz, Hernanin, Zazpi Iturrik, 2004ko txapeldunak, eta Irurtzunek, 2007ko txapeldunak, neurtuko dituzte indarrak (10:30). Bi talde horiek iragan asteburuan sartu ziren finalerdietan, euren kanporaketetan kadeteetako eta jubeniletako partidak irabazita.

Zazpi Iturri 54

Adiskide 50

KADETEAK

Gallurralde-Jaka 22

Elezkano II.a-Larunbe 12

GAZTEAK

Olaetxea-Arzelus 22

Egiguren-Galarza 16

NAGUSIAK

Elurbe-Leunda 10

Elezkano-Ajuria 22

Zazpi Iturrik eta Adiskidek, iazko txapeldunak, kanporaketa estua jokatu zuten iragan ostiralean, Galdakaon, eta Amezketakoek gorriak ikusi zituzten aurrera egiteko. Kadeteetako partidan, ondo hasi ziren irabazleak, baina Galdakaokoak 11-10 hurreratu ziren. Azken txanpan, berriz, Jaka agintzen hasi zen, eta Zazpi Iturrik tanto uzta polita egin zuen. Jakak berak egin zituen tanto gehienak.

Gazteetako partidan, Adiskidek egin zuen behera azken txanpan. Aurretik, Amezketakoak indartsu hasi ziren, baina lasaitu egin ziren, eta iazko txapeldunak aurretik jarri ziren (15-16). Ordura arte Galarza izan zen nagusi atzean. Azken txanpan, Zazpi Iturriko bikoteak pilota aldatu zuen, eta, horrekin batera, partidaren norabidea. Pilota astunarekin Arzelus jaun eta jabe izan zen, eta gipuzkoarrek jarraian egin zituzten partidako azken sei tantoak.

Zazpi Iturrik sei tanto behar zituen nagusietako partidan finalerdietara iristeko. Lan erraza zirudiena asko zaildu zitzaien. Adiskideko bikotea gehiago izan zen, eta Elezkano oso trebe ibili zen tantoa bukatzeko garaian. Gipuzkoarrek 12-6koarekin hartu zuten lasai arnas, Elurberen dejada bati esker. Ikusleek jaialdi polita ikusi zuten.

Irurtzun 62

Hernani 41

KADETEAK

Idoate II.a-Beraza 22

Lujanbio-Murgiondo 7

GAZTEAK

Ansotegi-Zabaleta 22

Arrieta-Aizpitarte II.a. 12

NAGUSIAK

Ollo-Etxeberria 18

Esnal-Gorrotxategi 22

Irurtzunek talde indartsua du aurten, eta, iragan igandean, lehen bi partidekin aski izan zuen Hernanin jokaturiko kanporaketa erabakitzeko. Gakoa kadeteetako bikotean egon zen, eta, bereziki, haien partida hasieran. Idoate eta Beraza partida garrantzitsuak jokatzera ohituta daude, eta agerian gelditu zen hori, 11-2 aurreratu baitziren. Hernanikoek ez zuten amore eman, baina partidaren bigarren zatian ere nafarrak gehiago izan ziren.

Hernaniko taldeak ez zuen lan erraza kanporaketa altxatzen, baina ez zuten galdu itxaropena. Gazteetako partidak hasiera parekatua izan zuen, eta nafarrek alde txikia eduki zuten (7-5). Zabaletak, baina, ordura arteko oreka hautsizuen. Irurtzungo atzelariak piloteoan agindu zuen, eta hark hartu zuen ardura tantoa bukatzeko garaian ere. Moztuz eta luze joz, tartea ireki zuen (14-7). Hernanikoek lanean jarraitu zuten, eta Aizpitartek aurre egin zion Zabaletari, baina ez zuen partidaren norabidea aldatu (22-11). Irurtzungoen tanto aldea zela eta, nagusietan ez zegoen deus ere jokoan. Partida polita izan zen, eta Hernanikoak ez ziren esku hutsik irten kanporaketatik (18-22). Gorrotxategi, etxekoen atzelaria, nabarmendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.