Gazteen erronka

Espanyol eta Athletic, estreinakoan talde gazteenak zelairatu zituzten talde biak ariko dira gaur elkarren aurka

Ander Herrera eta Javi Martinez, Jose Maria Movilla Rayokoari begira, Ligako estreinakoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Gaztetasuna dohain baliotsua da kirolean. Entrenatzaile gehienek talde baten ardura hartu aurretik begiratzen duten aurreneko gauzetako bat da. Jokalari gazteekin gauza asko landu baitezke. Maila gorenera ailegatu berri diren kirolarien gosea aprobetxatzeko aukera izaten da. Gainera, haiengan eragina izateko aukera asko dago, gazteek beteranoek baino arreta eta ikasteko gogo handiagoa izaten dutelako. Azkenik, futbolari gisa hazteko tarte gehiago izaten dute. Gaztetasuna, beraz, gauza preziatua da futbolean. Finean, bizitzako gainerako arlotan gertatzen den moduan.

Baina gazte izateak ez du talentua bermatzen. Eta, beraz, berezkorik ez duenari ezin zaio dohainak dituenari bezainbesteko zukua atera. Gairik ez badago, ez dago. Eta, hain zuzen ere, zalantza hori dago Athleticen eta Espanyolen inguruan. Beharbada zalantza gehiago daude Mauricio Pochettinok zuzendutako taldean Marcelo Bielsarenean baino. Baina kontua da Ligako lehen norgehiagokan itxura eskasa eman zutela bi taldeek. Espanyolek kale egin zuen Mallorcaren kontra —1-0 galdu zuen—. Txarto jokatu zuen, gainera. Dena dela, kataluniarren egoera orokorrean aztertuta, ez litzateke horren harrigarria izan beharko. Hau da, maila ertaineko talde bati bi jokalari erabakigarrienak kenduz gero normala dela nabaritzea. Arrazoi ezberdinak tarteko, Osvaldok, Callejonek eta Luis Garciak utzi egin dute taldea. Ez da erraza hilabete gutxitan maila horretako futbolariak ordezkatzea. Harrobi ona izanda ere ez. «Espanyolek beti izan ditu oso jokalari onak harrobian. Alvaro Vazquez aurrelari oso ona da. Nik oso gustuko dut», adierazi zion aste honetan Ander Iturraspek BERRIAri. Ona izango da, baina beharbada goizegi da aurrelari gazteari erantzukizuna emateko. Beste batzuek izan beharko dute babak eltzetik atera beharko dituztenak: Didac, Albin, Verdu, Javi Marquez eta enparauak izango dute ardura hori. Ea gai diren barruan daramatena erakusteko.

Beste urrats bat egin nahian

Athleticen egoera beste bat dela esan daiteke. Zuri-gorriak beste aldi batean daudela, alegia. Ligan onenen artean egoteko gaitasuna dutela erakutsi dute. Azken denboraldietan hamar onenen artean sartzeko ez baitute aparteko arazorik izan. Orain ikusi behar dena da ea gai diren beste urrats bat egiteko. Europan denboraldiro sartzen diren taldeekin nor baino nor gehiago aritzeko gai diren, hain zuzen ere. Orain arte ez dute erakutsi hori egiteko gai direla. Onenen kontrako partidetan galtzaile atera dira lehoiak. Bolada hori aldatzeko goi mailako entrenatzaile bat fitxatu du Athleticek. Baina, orain arte ikusitakoaren arabera, ezin esan jokalariek espero zen moduan barneratu dutenik entrenatzaile argentinarrak eskatu diena. Itxura eskasa eman du Athleticek jokatu dituen bi partida ofizialetan. Rayo Vallecanoren kontra batez beste 24 urtera ailegatzen ez zen hamaikakoa zelairatu zuen Athleticek. Horrek esan gura du hobetzeko tartea daukan taldea dela. Zenbat hobetu dezakeen jakitea baino ez da falta. Gaur beste aukera bat izango du. Baina ez pentsa futbol profesionalak aukera asko ematen dituenik. Pazientziak futbolean petrolioak eguneroko bizitzan baino balio handiagoa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.