Gazteen alde egin zuen Amaya Sport San Antoniok aurreko sasoian, eta gauzak ongi atera zitzaizkionez, apustu hori berretsi dute taldeko arduradunek hurrengo denboraldirako. Atzo, irailean hasiko den ligan ariko diren jokalari berrietako hiru aurkeztu zituen San Antoniok: Iñaki Peciña pibota (Irun, Gipuzkoa, 1988), Luisfe Jimenez eskuin albokoa (Puente Genil, Espainia, 1989) eta David Jimenez eskuin hegalekoa (Alacant, Herrialde Katalanak, 1988). Haiekin batera, Dado Curkovicek, Julen Lopezek eta Iso Sluijtersek indartuko dute iruindarren hurrengo denboraldirako taldea.
San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxea kontent agertu zen jokalari berriekin. «Ligako talderik gazteena dugu oraindik ere, zalantzarik gabe. Aurreko sasoian hasitako bideari jarraipena ematea aukeretako bat zen, eta haren alde egitea erabaki dugu, emaitzekin pozik gaudelako», azaldu zuen.
Iñaki Peciña eta David Jimenez jokalarien ibilbideari San Antoniok aspalditik jarraitu diola azpimarratu zuen Apezetxeak, eta etorkizun handiko jokalaritzat jo zituen biak. Jimenezi buruz, batez ere, jokaldiak amaitzeko duen gaitasuna nabarmendu zuen, bai eta golak sartzeko duen erraztasuna ere.
Jimenez, bai eta atzo aurkeztutako bertze bi jokalariak ere, Espainiako junior mailako selekzioan aritu dira, eta bertatik, hain zuzen, San Antonioko bertze hainbat kiderekin badute harremana. Horrek talde berrira moldatzeko lana erraztuko duela erran zuen Apezetxeak. Iritzi berekoa da Jimenez. Denboraldi berezia izanen da hau harentzat, lehendabizikoz ariko baita Asobal ligan. Bertze mailetan jokalari gisa osatzeko erakutsi duen gaitasuna eta pazientzia txalotu zituen entrenatzaileak, hain zuzen ere.
«Ilusio handiz etorri naiz, lan egiteko prest, eta gogoz. Ahalik eta azkarren egokituko naizela espero dut, hainbat taldekide ezagunak baititut. Ziur naiz aldagelako giroak gauzak erraztuko dituela», erran zuen hegalekoak. Luisfe Jimenezek antzeko hitzak erabili zituen. Ilusioa eta gogoa, bai eta lanerako konpromisoa ere. Antequeran hasi zuen aurreko sasoia, baina Huescan amaitu zuen. Taldearen igoeran, hain zuzen, funtsezko jokalaria izan zen albokoa. «Ziur naiz jokalari handia izanen dela. Eskubaloia ikusteko eta interpretzeko gaitasuna du. Jaurtiketetan ona da, bai eta defendatzen ere», erran zuen Apezetxeak jokalariari buruz. Aurreko sasoian gauza anitz ikasi zuela onartu zuen Jimenezek, eta San Antonion ere ikasten jarraitu nahi du. «Talde berrira moldatzeko lanak kezkatzen nau, batez ere, baina ziur naiz ez dudala arazorik izanen. Niko Mindegia ezagutzen dut, jokalari aparta da, eta ongi moldatzen naiz harekin», nabarmendu zuen albokoak.
Torrevellatik ailegatu da Iñaki Peciña San Antoniora. Apezetxeak argi du taldearen defentsa lanetan funtsezko jokalaria izanen dela, baina erasoan ere zer errana izanen duela azpimarratu zuen. Ardurak hartzeko prest da irundarra. Argi eta garbi utzi zuen hori: «Lan egitera etorri naiz, ahalegintzera taldearen alde. Defendatu behar bada, defendatuko dut; erasoan aritu behar badut, ariko naiz; eta baloiak gelditzen aritu behar badut ere, ariko naiz». Apezetxearen konfiantza eskertu zuen, eta taldeko arduradunei erran zien ez diela hutsik eginen. «Gero eta hobeki ari naizela uste dut, eta bide beretik jarraitu nahi dut Iruñean ere. Jokatu egin nahi dut, bertzerik ez».
Lehen lehia, abuztuaren 12an
Asteazkenean egin zuen San Antoniok denboraldi-aurreko lehendabiziko saioa. Jokalariek elkar ezagutzen hasteko garaia da oraingoa, ahalik eta azkarren egokitu ahal izateko. Abuztuaren 12an jokatuko dute lehendabiziko partida, eta hori izanen da talde berriaren lehenengo saioa. Tafallan ariko dira San Antonioko jokalariak, Sagunt taldearen kontra. Asobal liga, berriz, irailaren 10ean hasiko da.
Gazteen eskutik, berriz ere
Iñaki Peciña, Luisfe Jimenez eta David Jimenez jokalari berriak aurkeztu ditu San Antoniok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu