Gutxien jokatu dutenak eta bigarren taldeko gazteak zelairatuko ditu Zigandak gaur, Getaferen aurka
ASIER LEGARDA-EREÑO
Iruñea
Orain hilabete harro esaten zuten Osasunako jokalariek Bartzelona eta Sevillarekin batera hiru lehiaketatan lehian jarraitzen zuen Lehen Mailako talde bakarra zirela. Ligan galdutako azken bi partidek -etxean biak, Celtaren eta Espanyolen aurka-, ordea, beste egoera batean jarri dute Osasuna. Hiru lehiaketatan jarraitzea zama astunegia da orain. Eta Ligan estutasunik ez izatea da Jose Angel Zigandaren helburua. Horregatik, eta kanporaketa joanekoan ia erabakita geratu zelako -3-0 irabazi zuen Getafek-, gutxien jokatzen ari direnen alde egingo du gaur ezustekoa ematen ahalegintzeko. Nabarmentzekoa da Ion Erize, Cesar Azpilikueta, Ion Etxaide eta Jokin Arkaia bigarren taldekoek jokatuko dutela. Erize eta Azpilikueta hasieratik ariko dira.
Ricardo, Corrales, Javier Flaño, Puñal, David Lopez, Raul Garcia, Milosevic, Soldado, Nekunam eta Josetxo dira, hurrenez hurren,sasoi honetan Ligan gehien jokatu duten hamar jokalariak. Horietatik bi besterik ez daude gaurko deialdian: Ricardo -ordezko izango da- eta Raul Garcia. Zigandak ez du baztertu ezustea ematea, baina Espainiako Kopako finalerdietara sailkatzeko baino gehiago, entrenatzaileak aintzat har ditzakeela erakusteko ariko dira gaur Osasunako jokalariak. «Ez dugu partida oparituko, jendeak bere balioa erakustea nahi dut, oraindik partida asko jokatu behar ditugu, eta jokalari guztiak ondo jokatzeko prest izan nahi ditut», onartu zuen atzo Zigandak.
Osasunaren inguruan azken egunetan zabaldu den giroak gaur bertan Kopatik at geratzeak taldeari mesede egingo diola sinestera bultzatzen du. Entrenatzailearen azken agerraldietan ere nabari da hori: «Aitzakiarik ez dut nahi, baina hiru lehiaketatan aritzeak ez digu uzten nahi bezain ondo entrenatzen, eta lana behar bezala egiten ez baduzu, zaila da emaitza onak lortzea. Igandean, esaterako, gazte mailetan ere sartzen ez den gol bat sartu zigun Espanyolek, eta hor agerian geratu zen behar bezala ez garela entrenatu azken boladan».
Talde bat emaitza bolada txarrean sartzen denean partida bat galdu eta hiru egunera beste erronka bat izatea mesedegarria ere izan daitekeela ahazten dute denek, hala ere. Igandean hamaikagarren porrota jaso eta hurrengo partidari buruz hitz egiteko astebete dagoenean sortzen den presioa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Galde diezaietela, bestela, arreta guztia lehiaketa bakarrean jarri eta jaitsiera postuetan diren taldeetako entrenatzaileei. Osasunak, dena dela, UEFA Kopa hor du oraindik, arreta beste nonbait jartzea komeni denerako.
OSO HAMAIKAKO GAZTEA. 29 urte ditu Romeok, eta bera izango da gaur Osasunako jokalaririk beteranoena. Gazteena, berriz, Cesar Azpilikueta izango da: 17 urte ditu eskuin hegaleko erdilari iruindarrak. Hasieratik ariko diren jokalarien adinaren batez bestekoa 23,8 urtekoa izango da: Miguel Flañok 22 urte ditu, Natxo Monrealek 21 bete zituen herenegun, Raul Garciak eta Ion Erizek 20 urte dituzte, eta taldeko kapitaina Iñaki Muñoz izango da, 28 urterekin.
Bere apustuarekin gauza bat ziurtatu du, behintzat, Zigandak: gazteen ilusioak ez du utziko partida jokatu aurretik kanporaketa galdutzat ematen. «Ezer galtzeko arriskurik ez dugula egia da, baina zergatik ez gara kanporaketa iraultzen ahaleginduko? Partida hasi eta berehala gol bat sartzen badugu...», esan zuen atzo Azpilikuetak. 17 urte ditu, eta bere ametsa beteko du gaur. Arkaia ere antzera mintzatu zen: «Taldeak lehenbailehen Kopa uztea komeni dela esaten ari da jendea, baina Zigandak zelaian jartzen banau, barruan dudan guztia ematen ahaleginduko naiz. Lehen taldearekin partida ofizial batean aritzea gauza ikaragarria da niretzat», esan zuen eskuin hegaleko erasoko jokalariak. Alferrik esango diete horiei Ligan jarri behar duela arreta Osasunak, eta Espainiako Kopako final-laurdenak gainditzen ahalegintzeak nekea areagotzea besterik ez diela ekarriko.
Kopako final-laurdenak
GAUR JOANEKOAOsasuna-Getafe (20:00) 0-3
Valladolid-Deportivo (20:00) 1-4
Betis-Sevilla (20:00) 0-0
Zaragoza-Bartzelona (21:30) 1-0