Aurreko ostiral gauean Euskal Herria astindutako zikloiak VI. BERRIA Txapelketa ere aztoratu zuen. Segurtasun arrazoiak zirela medio, bertan behera utzi zuten txapelketako antolatzaileek Txumulutxuetako eta Danok Lagunak taldeek Hernanin jokatu beharreko kanporaketa. Oraindik ziurtatzeko dago noiz jokatuko den kanporaketa, baina litekeena da bi aste barrurako antolatzea, Hernanin. Igandeko kanporaketa, berriz, jokatu egin zen, eta Gaztelekuk, Andoaingo taldeak, Arkupe kanporatu zuen, Gernikako taldea.
Arkupe 32
Gazteleku 66
KADETEAK
Arrizabalaga-San Sebastian 6
Ariztimuño-Ulanga 22
GAZTEAK
Iturbe-Irusta 16
Irastorza-Zendoia 22
NAGUSIAK
Soler-Arronategi 10
Eskudero-Loiola 22
Gaztelekuk aurten hartu du parte lehenbizikoz BERRIA Txapelketan, eta sasoiko ekin dio bideari, Gernikako Arkuperen aurkako kanporaketako hiru partidak irabazita. Kadete mailan Gaztelekukoak Gipuzkoako txapeldunak dira, eta tanto alde polita lortu zuten. Ulanga atzelariak agindu zuen piloteoan, eta sei tanto gehitu zizkion lan onari. Ariztimuño bikotekideak ondo baliatu zuen nagusitasun hori, eta tanto ugari egin zituen. Ezker bolearekin ibili zen bereziki trebe. Arrizabalagak, Gernikarren atzelariak, ahalegin handia egin zuen, baina ezin izan zuen emaitza itxuratu.
Gazte mailako partidan oreka izatea espero zen, baina Andoaingoek indartsu ekin zioten partidari, eta Zendoiaren jokoari eta Irastorzak saketik eginiko tantoei esker tarte handia ireki zuten (7-2 eta 17-7). Arkupeko bikotea Bizkaiko txapeldunordea zen, eta Irusta atzelariak lehia estutu zuen partidan sartu zenean (17-14). Oldarraldia, baina, motz gelditu zen, eta azken txanpan Andoaingoak nagusitu ziren berriz. Nagusi mailako partidan, azkenik, ez zegoen deus ere jokoan, eta hasiera estua izan bazen ere (7-9), hortik aurrera Gaztelekukoek zergatik ziren faborito erakutsi zuten. Loiolak atzean agindu zuen, eta Eskuderok ondo baliatu zituen aukerak.
Andoaingo seikoteak Galdakaoko Adiskide izango du kontrario hurrengo kanporaketan. Bizkaiko taldea txapeldun izan zen iazko BERRIA Txapelketan. Hurrengo asteburuan, berriz, bi kanporaketa jokatuko dira: Irurtzun eta Gasteizko Txukun Lakua ariko dira ostiralean (21:00), Hernanin; Usurbil eta Igorreko seikoteek jokatuko dute, berriz, larunbatean (11:00), Tolosan, Beotibarren.
Gazteleku sasoiko hasi da
Andoaingo taldeak nagusitasunez kanporatu du Arkupe, Gernikako taldea, BERRIA Txapelketan parte hartzen duen lehen aldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu