Mikel Vesga. Athleticeko jokalaria

«Gazteok irabazi egin behar dugu ingurukoen pazientzia»

Gogotsu ekin dio denboraldiari Mikel Vesgak. Taldea hainbestean aritu da orain arte, baina gaur Panathinaikos kanporatu eta sasoiko lehen helburua lor dezake Athleticek. Baikor dago erdilari gaztea.

haritz gallastegi
Bilbo
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Mikel Vesga da (Gasteiz, 1993), oraingoz, Kuko Zigandaren Athleticen berritasun nagusia. Entrenatzaileak aspalditik ezagutzen du, eta konfiantza handia dauka euskarriaren jokoan. Gorengo mailan eskarmentu gutxikoa izan arren, zelaian lasai ikusten zaio, eta zelaitik kanpo ere eroso ikusten zaio futbolaren inguruarekin.

Gustura egoteko arrazoi asko dituzu: Athleticen zaude, Zigandaren konfiantza osoa daukazu, jokatzen ari zara… Jokalari gazte batentzat asko da hori.

Bai. Oso pozik nago. Ez nuen uste denboraldi hasiera horren ona izango zenik.

Kuko Ziganda entrenatzaile garrantzitsua ari da izaten zure kirol ibilbidean. Hura Athletic B-n ari zenean, partida guztiak jokatzen zenituen, eta gorengo mailan ere zure alde egin du.

Hirugarren sasoia dut haren aginduetara, eta, orain arte, nigan konfiantza handia daukala erakutsi du. Zigandak nigan sinesten du, eta nik zelaian itzuli gura diot nire alde egin duen apustua. Elkar ezagutzen dugu, eta hori baliagarria da biontzat.

Zer eskatzen dizu?

Bigarren taldean egiten nuen lana egiteko. Ez dit ezer berririk eskatu. Banakako lehietan eta defentsako lanean ere gogorragoa izateko eskatu dit.

Hori da zure gabezia nagusia?

Argi dago hobetu beharreko arloetako bat dela.

Athleticen zelai erdian jokatzea ez da samurra: Mikel San Jose, Ander Iturraspe, Beñat Etxebarria, Mikel Rico… lehia handia dago eremu horretan.

Ikaragarria da. Azken denboraldiotan, sekulako maila eman dute aipatu dituzun horiek guztiek. Haiengandik ikasten ahalegintzen ari naiz. Zer ikasi badago eta.

Lehen Maila ez da gauza berria zuretzat. Aurreko sasoian sei partida jokatu zenituen elastiko zuri-gorriarekin Sportingera utzita joan aurretik. Guztira, ia hogei partidatik gora jokatu dituzu jada. Halere, zale askorentzat ez zara ezaguna. Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Baloia jokatzea gustuko duen futbolaria naiz. Azkarra izan ez arren, etengabe ari naiz aurrera eta atzera. Kilometro dezente egiten ditut. Bestalde, buruz ere moldatzen naiz. Mutil garaia naizenez, aprobetxatu egiten dut.

Zein jokalari izan duzu ispilu?

Umetatik Steven Gerrard izan dut gustuko. Ez zen punta-puntako jokalaria izan, baina jokalari gisa zituen dohain guztiez gain, Liverpooli erakutsitako atxikimenduagatik miresten dut. Gainera, antzeko postuan jokatzen dugu.

Athletici asko ari zaio kostatzen fitxatzea. Askorentzat gaitza dena, aukera ona da harrobiko jokalarientzat. Athleticen bidea egitea beste talde askotan egitea baino errazagoa da.

Harrobia beti izan da aberatsa. Athleticek futbolari onak sortu ditu beti. Gazteei aukera eman zaienean, ondo erantzun dute, eta maila eman dute, gainera. Urtero jokalari batek edo bik egiten dute urratsa eta ondo egokitzen dira gorengo mailara.

Aurreko denboraldian, zuri egokitu zitzaizun urrats hori egitea. Joan den igandean, berriz, Iñigo Cordobari eta Unai Nuñezi eman zieten aukera. Gazte batentzat ahaztezina izango da debuteko eguna.

Oso polita da. Athletic klub berezia da, eta sekulako poza ematen du debuta egiteak.

Gorengo mailan ba al dago pazientziarik gazteekin?

Pazientzia irabazi egin behar da. Hala ere, Athleticek badu pazientzia hasiberriekin. Azken urteotan, Lekue, Sabin Merino, Williams, Cordoba, Nuñez, ni neu..., asko igo gara, eta gure bidea egiteko aukera eman digute. Entrenatzaileek gure aldeko apustua egin dute. Eskertzekoa da hori.

Sportingen utzita aritu zinen denborak mesede egin al dizu orain zauden egoerara iristeko?

Bai. Lehen Mailan lehiatzeko kapaz naizela ikusteko balio izan dit. Bestalde, jokalari sentitzeko beharra sentitzen nuen. Esperientzia aparta izan zen.

Zer lortu gura duzu futbolean?

Lesioekin arazorik ez izatea eta onenen artean luzaroan egotea. Athleticen bada, askoz hobeto.

Ez daukazu gehiago eskatzerik, baina taldeak joko eskasa egin du azkeneko partidetan. Zer falta zaizue?

Gaitza da ondo jokatzea eta emaitzak lortzea. Jokoan ez gara fin ibili, baina emaitzak ez dira txarrak izan. Atenasen irabazi egin genuen, eta ligan berdindu. Jokoan aurrerapausoa eman eta emaitzak ere hobetzea da gure xedea.

Azken emaitza izan zen Panathinaikosen kontrako joaneko partidako onena. Larri egon zineten, baina, sei minutuan, egoera irauli zenuten. Gaur ezin duzue kale egin, Europa ligan aurrera egitea daukazue jokoan.

Ligaxkarako sailkatzeko sekulako gogoa daukagu. Errenta polita dugu. Lasai jokatu behar dugu, baina golaren bila zelairatuko gara. Gure etxean itxura ona emateko gogoa daukagu.

Joanekoan pasatutako estutasuna aurkariaren meritua izan zen, edo zuen okerren ondorio?

Bietatik egon zen. Panathinaikosek lan ona egin zuen, eta guk, aldiz, ez genuen asmatu baloia jokatzean. Zein oker egin genituen badakigu, eta ahaleginduko gara berriz ere ez egiten .

Zale askok aurreko sasoiko Athleticen segida moduan ikusten dute denboraldi honetako taldea. Zeintzuk dira Ernesto Valverderen Athleticen eta Zigandaren Athleticen arteko ezberdintasun nagusiak?

Kukok ondo ezagutzen du taldea, eta jarraipena eman dio Valverdek egindakoari. Ez dago alde handirik, eta horrek mesede egiten digu, guztiok dakigulako zer egin behar dugun. Hala ere, berritasunak egon badaude. Defentsan lan handia egiten ari gara, taldea ordenatuagoa izan dadin. Bestalde, geldikako jokaldietan ere nabari da bere ekarpena. Pixkanaka-pixkanaka, gauza gehiago ikusiko dira.

Zein helburu dituzue denboraldi honetan?

Europa ligan, nabarmendu egin nahi dugu; lan ona egin nahi dugu. Ligan, bestalde, Europa ligarako sailkatu nahi dugu. Kopan ere lan ona egin nahi dugu; urruti iritsi nahi dugu.

Gaurko neurketarako emaitza bat?

2-0.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.