Osasuna. Andres; Marc Bertran, Lolo (Ruben, 42. min.), Flaño, Satrustegi; Puñal, Nekunam; Cejudo (Raoul Loe, 82. min.), Raul Garcia, Nino (Lamah, 76. min.); eta Ibrahima.
Reala. Bravo; Estrada (Llorente, 76. min.), Ansotegi, Demidov, De la Bella; Elustondo (Agirretxe, 66. min.), Aranburu, Zurutuza; Xabi Prieto, Vela eta Ifran (Griezmann, 63. min.).
Golak. 1-0. Ibrahimak (13. min.).
Epailea. Jose Antonio Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Osasunako Raul Garciari, Marc Bertrani, Puñali eta Flañori; eta Realeko Elustondori.
Bestelakoak. 17.394 ikusle inguru Nafarroako Erresuman, tartean Donostiatik joandako 200 bat jarraitzaile.
Jokoan ziren puntuak gehien behar zituen taldearentzat izan ziren atzo Osasunak eta Realak Nafarroako Erresuman jokatutako euskal derbian: etxeko taldearentzat, alegia. 17.000 lagun baino gehiago bildu ziren festa giroan, eta partida dotorerik ikusi ez baldin bazuten ere, ia guztiak pozik ziren amaieran. Euren taldeak azken unea arte Europan lehiatzeko aukera izango duelako etxekoak, eta ezer jokoan izan ez arren, ondo lehiatu zirelako bisitariak. Ibrahimaren gola nahikoa izan zen azkenean lehia desorekatzeko. Osasunak Europan lehiatzeko aukera izango du datorren asteburuan horri esker. Baina Santanderren irabazteaz gain, Mallorcak, Atletico Madrilek edo Levantek kale egiteko zain egon beharko du.
Bizi-bizi hasi zen denboraldiko azken euskal derbia. Osasunak bezalaxe Realak ere presioa ondo egiten zuen eta atzelariek arazoak zituzten bi areetan baloia atzetik jokatuta atera behar zutenean. Lehen aukera Osasunarentzat izan zen. Alboko sake batean Marc Bertranek Ibrahimarekin jokatu zuen, senegaldarrak aurre hartu zion Demidovi eta baloia Raul Garciari geratu zitzaion, bere erremateak Bravok kornerrera urrundu baldin bazuen ere. Bost minutu besterik ez ziren igaro partida hasi zenetik eta gorritxoek lehen abisua eman zuten. Halere, Reala ez zegoen lo, eta zorte askorik gabe, baina Ifran, Vela, Xabi Prieto eta enparauak arriskua sortzen ahalegintzen ziren.
Gola egiten asmatu zuena Osasuna izan zen, dena dela. Ordu laurdena bete aurretik Marc Bertranen barnekaldi bat eskuin hegaleko atzelariaren errematearekin amaitu zen, Bravok ez zuen baloia nahi bezala urrundu eta Ibrahimak aukera hirukoitza izan zuen area txikitik gertu baloia aurkitu ostean. Lehendabizikoan zutoinera errematatu zuen, bigarren ahaleginean Bravoren gorputzera, eta hirugarrengoan ate barrura. Markagailuan aurre hartu eta gero Osasunak erritmoa jaitsi zuen. Realak aukera batzuk izan zituen, baina orokorrean partida zatartu egin zen. Hasierako kemenik ez zuten, ez nafarrek eta ez gipuzkoarrek, eta minutuak pasa ahala akatsak gero eta ugariagoak ziren bi aldeetan.
Emozioa azken unera arte
Atsedenaldiaren ondotik, partida erabakitzeko asmoz zelairatu zen Osasuna, eta Raul Garciaren bi pase zoragarriren ostean Ibrahimak eta Ninok bigarren gola egiteko aukera on bana izan zuten. Ez zuten asmatu, ordea. Bravo bikain aritu zen, eta Reala partidan sartuta mantentzea lortu zuen etxeko zaleen sufrimendua areagotuz. Minutuak pasa ahala, gainera, Osasuna gero eta estuago hartu zuten txuri-urdinek. Griezmann, Agirretxe eta Llorente berdegunean sartu zituen Montanierrek, eta erasoan amaitu zuen norgehiagoka Realak. Ansotegi erdiko atzelaria izan zen gola gertuen izan zuena. Griezmannek ezkerretik bikain erdiratu falta batetan Osasunako atzelari guztiei aurre hartu zien eta ia-ia area txikian baloia buruz errematatu zuen. Behartuta iritsi zen errematera, ordea, eta langaren gainetik kanpora alde egin zion baloiak.
Ohi bezala, sufritu egin behar izan zuen Osasunak irabazteko. Aldea areagotzeko aukeretan ez zuen asmatu, eta azkenean Reala lotsagabe joan zen erasora. Puntuak etxekoek behar zituzten, ordea. Eta behar zuenarentzat izan zen azkenean saria. Sasoia amaitzeko jardunaldi bat falta denean Europako Ligarako sailkatzeko aukera du Osasunak. Dudarik gabe, azken sasoietako baino amaiera gozoagoa izango da, helburua lortu ala ez. Realarentzat ere iazkoa baino amaiera gozoagoa da.
Osasuna 1. Reala 0
Gehiago behar zuen
Osasunarentzat, premia gehien zuenarentzat izan da garaipena derbian, Realak azken txanpan gorritxoak estu hartu dituen arrenSantanderren irabaztea eta aurkariek huts egitea behar dute nafarrek Europan aritzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu