Urria ez da amaitu oraindik. Horrek futbolean esan gura du denboraldiko lehen bi hilabeteak baino ez direla jokatu. Beste zazpi edo zortzi geratzen direla, alegia. Beraz, onerako zein txarrerako, orain arte egindakoak ez du ezer bermatzen. Emaitzak onak badira, berdin jarraitzera animatzen dute. Txarrak izan badira, berriz, esnatu beharra dago. Baina badago dimanikaz aldatzea, eta gaur de lehen aukera, etxean Getaferen aurka (17:50, GolTV/C+L). Eta hori da Athleticek daukan esperantza. Atzean geratu dira udako ekaitzak, eta, behin berdegunetik kanpo normaltasuna berreskuratuta, zelaian dago taldeari eta inguruari ilusioa berreskuratzeko behar den guztia egin beharra. Ezin da esan Marcelo Bielsak zuzentzen dituen futbolariak barruan daukaten guztia ematen ari ez direnik, baina, oraingoz, ez da nahikoa izan sasoi hasiera aldrebesari buelta emateko.
Azken asteotan nabarmen egin du gora lehoien jokoak. Egungo Athleticek ez dauka zerikusirik irailekoarekin. Talde lehiakorragoa da. Txispa gehiagokoa. Eta, hobekuntzaren arrazoi nagusia da, hainbat arrazoi direla tarteko, lehen partidetan jokatu ezin izan zuten zenbait futbolarik edota sasoiz kanpo zeuden jokalari garrantzitsuak hasi direla eurengandik espero denera gerturatzen: Amorebieta, Herrera —zigortuta dago eta ezin izango du jokatu-— Muniain, De Marcos… Horrenbeste lagun txarto egonda, ezinezko da emaitza onak ematea. Ez, behintzat, aulki eskas samarra daukan talde batean. Horrelakoetan, euren maila berreskuratu bitartean, gabeziak ahalik eta gutxien nabaritzea izan beharko luke entrenatzailearen betebehar nagusiak.
Defentsan hobetu behar
Bielsak, baina, ez du horrelako kontuetan sinesten. Argentinarrak argi dauka nola jokatu behar duten euren taldeek. Etaberak proposatzen duen joko azkar, erasokor eta ikusgarriak arrakastatsua izateko, bi baldintza bete behar dira: talentua eta sasoi ona uztartu behar dira. Defentsako lana izan da Athleticek zuzendu behar izan duen lehen gabezia nagusia. Oraindik ez du erabat konpondu, baina ari da. Ba, gaur da beste pauso bat emateko eguna. Lan ona eginda saria lortu ezean, burua lanean hasten baita. Beraz, Getafe mendean hartzeko premia dauka Athleticek.
Gehiago egin behar da
Athleticen hobekuntza ez da nabari emaitzetan, eta behartuta dago gaur Getaferen kontra beste urrats bat egitera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu